jueves, 31 de mayo de 2018

EAEko Osasun Planak 2020rako aurreikusitakoaren %90 bete da jada

Duela bost urte abian jarri zenetik, Euskadiko Osasun Planak 2020rako ezarritako 10 ekintza eta helburuetatik 9 bete edo abiatu ditu dagoeneko. Horrela islatzen da iazkoari dagokion txostenean. ‘EAEko Osasun Plana. Osasuna: pertsonen eskubidea, guztion ardura’ deritzan horretan aztertzen da planean jasotako 35 helburuak lortzera bideratutako 146 ekintzak zenbateraino bete diren. Urkullu lehendakariaren esanetan, “sistema zuzentasunaren bidetik doa, osasungintzaren emaitza egokiak eta eraginkortasuna eta efizientzia ekartzen ditu. Horrela, zerbitzua hartzen duten pertsonen erabateko konfiantza finkatzen du”.
Txostenak nabarmentzen duenez, aurrerapen nagusiak bularretako eta koloneko minbizia antzemateko programekin lotutakoak dira, parte-hartze handiko diren horiekin; baita zainketa aringarrien planarekin zerikusia dutenak ere; gaixotasun kronikoen kontrolean hobera egin izanarekin; eta osasun-aholkuaren gero eta erabilera maila handiagoarekin.
Badago gehiago nabarmentzeko ere. Osasunak berariazko garrantzia du Eusko Jaurlaritzaren jarduera-sektore guztietan, hau da osasun politika guztietan. Eta hori da, hain zuzen, Euskadiko Osasun Planaren giltzarria. Aldi berean, txostenak egiaztatzen du jarduera fisikoa sustatzeko Mugiment programak finkatu direla; elikadura osasungarrirako ekimenak abian jarri direla; edo-ta ‘Kerik gabeko ikasgelak’ eta ‘Adingabeak eta alkohola’ programek jarraitasuna izan dutela.
Beste alde batetik, adinekoentzako egoitzetan historia klinikorako sarbidea —Osabide Globala— eskuragarri dagoen plazak %82ra arte igotzea lortu da, eta batzorde soziosanitarioen eraginkortasuna erabatekoa izatea, horiek abian baitaude Osakidetzaren zerbitzu-erakunde guztietan.
Orain 2020ra begira jartzeko momentua da. Eta Osasun Planaren Batzordeak eragiten jarraitzeko konpromisoa hartu du, hainbat arlotan lan egitekoa. Lehen mailako arreta indartu gura da, Osasun Sailak burutzen duen estrategiaren bitartez; eta, azkenik, toki-esparruan eta Euskal Autonomia Erkidego osoan osasun-sareak sustatu nahi dira; herritarren ahalduntzea eta partaidetza indartzeko asmoa dago; eta baita osasunaren arloko sektore arteko ekinbidea ere. Gainera, 2021etik aurrera begirako Osasun Plan Berria lantzen hasia da dagoeneko.

Bularretako eta koloneko minbizia antzemateko programak aurrerapauso handia izan dira.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes