Challenge Cup eta Champions Cup hartuko ditu bariku eta zapatu honetan Bilbok. Kluben arteko Europako errugbi final nagusiak dira horiek, futbolean Europa League eta Champios-en parekoak. Kontinenteko hainbat herrialdetan kirol hau oihartzun handikoa da, jarraitzaile kopuru itzela biltzerainokoa. Horren lekuko dira Sei Nazioen partiduak, esaterako. Bizkaian ere errugbiak zale ugari ditu, batez ere Gernika-Lumon, Getxon, Bilbon, Mungian eta Durangon. Lehen herriko taldea Estatuko Ohorezko Mailan ari da, eta bigarrenekoa ere hor ibili da azken denboraldion jaitsi den arte.
San Mamesek hartuko dituen partiduetarako lanean dabiltza Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, kanpotik etorriko den jendetza behar bezala hartu eta inolako arazorik sor ez dadin. Garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da egun horietan, eta horretarako indartu egingo dira zerbitzuak hilaren 11n, 12an eta 13an. Metro Bilbaok ostiral goizaldetik igande gauera arteko zerbitzua zabalduko du, eta larunbateko ordu jendetsuenetako maiztasuna txikitu. Bilbobusek, bestalde, errefortzu bereziak jarriko ditu ostiral eta larunbatean. Hala, bertaratu nahi duen jendea San Mamesera ahalik eta arinen joatea eskatzen da, eta segurtasun langileek, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak emandako jarraibideei jaramon egitea.
Maiatzaren 11n, barikuan, Cardiff Blues eta Gloucester Rugby taldeek jokatuko dute Challenge Cup-eko finala, 21:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, ostera, Champions Cup-eko finala jokatuko dute Racing 92 eta Leinster Rugby taldeek, 17:45etan hasita. Bi finalon egoitza izateko astebete lehenagotik hiria prest dago 100.000 errugbizale hartzeko. Aukera ugari eskainiko dizkie Bilbok. Besteak beste, Areatzan Fan Zonea izango dute. Karpa handi bat jarriko da bertan, eta kirol horren inguruko jarduera ugari egingo dira. San Mamesen ere Fan Plaza jarriko da. Estadiotik gertu egongo den espazio hori txosna batek, food truck batzuek eta eszenatokiak osatuko dute.
Casilda Iturrizar parkean, aldiz, Universitario Bilbao Club taldeak zelai amerikar bat, ludoteka, ohe elastikoak, bungee run, errugbi zelai bat eta tailer gune bat jarriko ditu ostegunetik larunbatera arte. Deustun, Deusto Bizirik merkatari elkarteak hainbat jarduera egingo ditu auzoko hainbat lekutan, errugbi finalekin lotutakoak. Indautxun, BilbaoCentro elkarteak hainbat kontzertu emango ditu bertako plazan eta inguruan. Alde Zaharrean, azkenik, kontzertuak, tailerrak, kalejirak eta erakusketak egingo dira, ostiralean zein larunbatean.
![]() |
100.000 errugbizale inguru hartuko ditu asteon Bilbok. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.