Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak 1.930.000 euro bideratuko dituzte Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile pribatuen lana aurten diruz laguntzeko. Kopurua iazko bera da. Zehazki, Jaurlaritzak 400.000 euro jarriko ditu zeregin horretarako. Akordio honek lotura zuzena dauka iaz Baionan sinatutako 2017-2022 epealdirako hitzarmen markoarekin. Akordio hori hirugarrena izan zen 2007an hizkuntza politika gaietan bi aldeen arteko lankidetza abian jarri zenetik. Aurreko biak 2007-2010 eta 2011-2016 epeetarako izan ziren. Iaz bederatzi eragile pribaturen lana lagundu zen diruz, orotara 59 proiektu. 2016arekin alderatuta, 200.000 euro gehiagokoak izan ziren laguntzak.
Lankidetzarako asmo horrekin, Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea agertu dute. Era berean, bi aldeek zehaztu dute hizkuntza politikaren arloan sustatuko den elkarlana mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta elkarren arteko ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea dagoela.
Jatorrizko hitzarmen markoak elkarlanerako lau arlo zehaztu zituen: euskararen transmisioa, hizkuntzaren presentzia eta erabilera, hizkuntzaren kalitatea eta, azkenik, euskararen aldeko jarrera. Hitzarmen markoak lankidetzarako testuinguru bat zehazten duen arren, lankidetza urtero zehaztu behar izaten da eranskin baten bidez. Eta hau izan da oraingoan sinatu dena. Hala, eranskinak 2018an garatuko diren lan-ildo nagusiak zehazten ditu.
Lau izango dira aurtengo lan-ildoak. Batetik, hizkuntza-gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzaren definizioa eta antolaketa gauzatuko da. 2010ean C1 mailako EGA agiriarekin egin zen moduan, 2018an B1 mailako agiriaren baliokidetza gauzatuko da. Bestalde, Euskararen Adierazle proiektua sustatuko da: adostu denez, elkarrekin sortutako adierazle sistemaren garapena landuko dute, sistema eta adierazle egokitzapen lanean arituz.
Gainera, Jaurlaritzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen arteko informazioa trukatuko da, itzulpenen kudeaketarako tresnak partekatuz, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordean Iparraldeko adituak integratuz eta Iparraldeari berezituak zaizkion terminoak Euskaltermen sartuz. Azkenik, VI. Inkesta Soziolinguistikoaren behin betiko txostenak egin eta hedapenerako euskarri osatuak lau hizkuntzatan argitaratuko dira.
![]() |
Hitzarmenaren aurtengo eranskinaren sinadura Baionan egin dute bi aldeek. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.