domingo, 1 de abril de 2018

Inoizko erantzunik onena jaso du Aldundiaren familia-harrera sarean sartzeko kanpainak

Bada urtebete Bizkaiko Foru Aldundiak 'Sehaska hutsak' deritzan kanpaina abiarazi zuenetik, etxean ume bat hartzeko gogoz dauden pertsonak aurkitzeko. Eta dagoeneko 62 familiak adierazi dute prest daudela Bizkaiko harrera-sarean sartzeko. Kanpaina 'Benetan ez duzu lekurik etxean sehaska bat jartzeko? galdera eginez abiatu zen, eta horrek izan du erantzunik kalean. Aurkezpena egin zen egunean bost sehaska ipini ziren Bilboko erdialdean. Gero Eskuinaldera eraman ziren, Leioara eta Getxora, hain zuzen. Eta Ezkerraldera ere bai, Barakaldora eta Santurtzira.
Aldundiak familia-harreraren inguruko kanpaina honi ekin zionetik Gizarte Ekintza Saileko Umeen Zerbitzuak 705 dei jaso ditu erakundearen tutoretzapeko zentroetan dauden adingabeak etxean hartzeko aukerari buruzko informazioa jasotzeko. Horietatik 250 dira solasaldi informatiboetara gerturatu diren pertsonak, hori ezinbesteko baldintza baita etxean umea hartu nahi dutenen balorazio eta trebakuntza prozesua abiatzeko. Ondoren, 62 familiak ekin diote prozesuari.
Urtebeteko kanpaina honetako emaitzak Foru Aldundiak 1997tik hona familia-harrerako programaren barruan antolatu dituen zazpi kanpainetako onenak izan dira. Aurreko gorenekoa duela hamar urte izan zen, 2008ko kanpainan hain zuzen. Orduan, lehen hamabi hilabeteetan 664 informazio-eskaera jaso ziren, eta 55 familiak hartu zuten harrerako prozesuaren bidea.
Gaur egun 318 ume eta nerabe daude familia-harreran Bizkaian: 218 familia zabalean —aitona-amonekin eta osaba-izebekin, batik bat— eta gainerakoak —ehun bat— beste familia batekin. Momentuon 475 adingabe daude Aldundiaren tutoretzapeko zentroetan, eta asko itzel sufritutakoak dira. Familia-harrerak zera eskaintzen dio ume bati: behar den denboran afektua, ardura eta laguntza ematen dizkion ingurune batean hazteko aukera, adingabeari harrera-familia batean heltzen eta integratzen laguntzeko asmoz, familia horretako kide bat gehiago baliz bezala. Horrez gain, guraso biologikoekiko harremanei eusten diete, baita horiek hobetu ere; eta itzultzeko prozesuari laguntzen zaio, ahal denean, harrera ez delako adopziorako bidea.
Harrera aldi baterako babes-neurria da, adingabeei familia egonkorra, atsegina, normalizatua eta egokia emateko, hezkuntza jarraibide argiak dituena. Gainera, lotura berriak ezartzen dizkie, maila fisikoan zein emozionalean hobetzeko, familia-eredu egoki bat ezagutzeko eta euren nortasunari eta gurasoekiko harremanei eusteko. Bizkaiko Foru Aldundiaren familia-harrerako programarekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia eta helbide elektronikoa honakook dira: 944 470 737 / acogimientofamiliar@bizkaia.eus Halaber, foru erakundearen webgunera jo daiteke informazio eske

Gaur egun 475 adingabe daude Aldundiaren tutoretzapeko zentroetan.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes