viernes, 13 de abril de 2018

Gaztelagun, gazteen alokairu-programa abiatuko du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen 2018-2020 Etxebizitzaren Plan Zuzendariak gazteei begirako hainbat neurri biltzen ditu. 1.119 milioi euroko aurrekontu bateratuarekin, egitasmoak etxebizitzaren merkatuan eragin nahi du, oro har biztanleriaren egoitza-egoera hobetzeko eta, bereziki zailtasun gehien dituzten pertsonek etxebizitza batera jotzeko dituzten aukerak handitzeko. Agertoki horretan, gazteria lehentasunezko kolektibotzat hartu dute, besteak beste zuzkidura-bizitokiak sustatuta, Gaztelagun programa berria abian jarrita, gazteen emantzipazioa bultzatuta eta alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzak emanda.
Gazteek bizimodu autonomorako zailtasun bereziak dituztela eta, Gaztelagun programa 2019ko urtarrilean jarriko da indarrean, 23 urtetik gorako eta 35etik beherako gazteei zuzenduta. Errentan duten etxebizitza ohiko eta etengabeko bizitoki dutenei begirakoa da, nahiz eta alokairu-kontratuaren titular gisa ez egon. Beraz, pisua partekatzen dutenek ere jasoko dute honen onurarik, eta urte bakoitzean Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzeko indarrean dauden mugak —7.734 euro urtean— gainditzen dituztenek zein 12.000, 15.000 eta 18.000ko edo gutxiagoko diru-sarreren iturri erregularra dutenek, bizilagun 1, 2 edo 3 diren aintzat hartuta. Tarte hori 20.000 eta 22.000ra artekoa izango da familia ugari bereziak direnean edo desgaitasun-maila altuak dituzten pertsonen kasuan.
Horretarako, diru-sarreren iturri erregularra dutela ulertuko da euren kontura edo inorenera lanean ari direnek, prestakuntza bidean dauden ikertzaileek eta bekadunek, beti, eskabidea egin eta, gutxienez, aurreko sei hileko antzinatasuneko lan-bizitza egiaztatzerik dutenean, edo diru-sarreren iturriaren iraupen aurreikusia eskabidea egiten denetik gutxienez sei hilekoa izango dela egiaztatzerik dutenean. Alokairu-kontratuaren helburu den etxebizitzaren errentak ezin izango ditu hilean 600 euro gainditu, oro har, eta 750 Euskadiko hiru hiriburuen eta euren arlo funtzionalen kasuan. Hala, laguntza onuradunak bere ohiko eta etengabeko etzebizitzaren alokairuagatik ordaindu beharreko hileko errentaren %50 artekoa izango da. Etxebizitza formalki eratutako bi bizkidetza-unitatek partekatzen dutenean, laguntza alokairuaren %60ra artekoa izango da.
Laguntzaren zenbatekoak ezin izango du une bakoitzean etxebizitzaren prestazio ekonomikorako ezarrita duen zenbatekoa gainditu, kontuan hartuta hura subsidiarioki etxebizitzaren eskubide subjetiboari lotuta dagoela. Emantzipaziorako denez, bizitza autonomorako proiektuaren hasieran gazteentzako alokairurako laguntza gehienez hiru urtez emango da, eta Alokabidek kudeatuko du.

Emantzipaziorako laguntza bizitza autonomorako proiektuaren hasieran emango da, hiru urtez asko jota.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes