Badator errenta aitorpena aurkezteko sasoia, Aldundiarekin kontuak egin eta bakoitzari dagokiona kitatu edo jasotzekoa. Errenta eta Ondarearen 2017ko kanpaina, iazkoari begirakoa denez gero, maiatzaren 2tik ekainaren 29ra arte luzatuko da Bizkaian, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) 571.000 aitorpen eta ondarearen 7.900 izapidetuko direla espero da. Errentan, aitorpenen %71 itzultzeko izango da eta, orotara, 395 milioi eurokoa izango da zenbatekoa. Modu horretan, Ogasunak, bataz beste, 980 euro itzuliko dizkie 403.000 zergapekori. Bestalde, ordaintzeko 168.000 aitorpen egingo dira eta, bataz beste, 1.925 eurokoak izango dira. Guztira, 323 milioi eurora helduko dira horiek. Azkenean, Errentaren kanpainaren azken emaitza 71,5 milioi euro galtzekoa izango da Foru Aldundiaren diru-kutxentzat.
Ondarearen 2017ko kanpainari dagokionez, Ogasunak aurreikusi du gora egingo duela aitorpena egin behar dutenen kopuruak, eta iazko 7.400etatik 7.900era igoko direla. Foru Ogasuneko teknikariek egindako kalkuluen arabera, 75 milioi euro sartuko dira kanpaina amaitzean, hau da, 2016ko ondare-aitorpenen ondorioz baino 600.000 euro gehiago. Aurreikuspenak ez dira aldatu 2016ko Errenta eta Ondarearen kanpainako datuekin alderatuta. Izan ere, zergei dagokienez, araudian ez da funtsezko aldaketarik izan.
Bizkaiko Foru Ogasunaren PFEZaren aitorpenean 578,8 milioi euroko gizarte-kenkariak aplikatzea aurreikusi da, aurreko urteetan zergapeko bizkaitarrek onura gisa izan dituzten kenkariak aintzat hartuz. Gehien erabilitako kenkaria, 218.000 zergadun baino gehiagok baliatutakoa, ondorengoena da, eta 137 milioi euroko zenbatekora helduko da. Sei urtetik beherako ondorengoen kenkaria 67.000 zergaduni aplikatuko zaie, 16,2 milioira arte.
200.000 zergadun baino gehiagok lortuko dituzte etxebizitza izatearen ondoriozko kenkariak; 35.500ek alokairuari lotutakoak —36 milioi eurokoak—; eta 171.000k ohiko etxebizitzetan egindako inbertsioei dagozkienak —157 milioi euro—. 65 urtetik gorakoentzako kenkariek 114.000 zergaduni eragingo diete eta, guztira, 70 milioi aurreztuko dituzte. Desgaitasunekoak 59,6 milioi eurokoak izango dira, 56.500 zergadun kontuan hartuta; eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei, pentsio-planei eta mutualitateei egindako ekarpenen kenkariak 103 milioikoak izango dira, eta onuradunak 151.000 zergapeko.
Aurreko urteetan bezala, Foru Ogasunak zergadunei arreta emateko zerbitzu bereziak jarriko ditu abian, zerga-betebeharrak betetzea errazteko. Gaurtik aurrera erabil daitezkeen Errentaren webguneaz eta telefono bidezko arretaz gain, aurrez aurreko bulegoak prest daude jendea hartzeko (Bilbo, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Durango, Gernika-Lumo, Getxo, Mungia eta Portugaleten). Bestalde, bankuetako 300 bulegotan ere egin ahal izango dira izapideak, horietan aitorpena egitea hain zuzen.
![]() |
Errenta eta Ondarearen kanpaina maiatzaren 2tik ekainaren 29ra arte luzatuko da. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.