Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak proiektu berri bat abiatu du mugaren bi aldeetako magisteritzako ikasleak irakasle elebidun bihurtzeko asmoz. Horretarako, urtebete edo bi urtetan frantsesa, euskara eta okzitaniera ikasteko formakuntza intentsiboak jartzen dira aukeran. Frantses-euskara eta frantses-okzitaniera irakasle elebidunen kopurua handitzeko beharretik sortutakoa da Eskola Futura eta bi lehentasun ditu: hiru eskualdeetako hizkuntzen erabilera eta ezagutza indartzea eta gazteen enplegua sustatzea.
Euroeskualdeak Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Okzitanierako Erakunde Publikoarekin jarri du martxan proiektua, eta Pirinioetako bi aldeetako zazpi unibertsitateen arteko lankidetza sendoa dago bere oinarrian: Akitaniako Irakasle eta Hezkuntzarako Goi Eskola (ESPE), Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Bordeaux-Montaigne Unibertsitatea, Bordeleko Unibertsitatea, Montpelierko Paul Valéry Unibertsitatea, Lleidako Unibertsitatea eta Toulouse Jean Jaurès Unibertsitatea dira elkarlanean aritu direnak.
Parte hartzen dutenei hizkuntza prestakuntza trinkoa eskainiko zaie frantsesez, euskaraz edo okzitanieraz, eta horrek aukera emango die mugaren bi aldeetako ikastetxe elebidunetan irakasteko beharrezkoa den hizkuntza-maila lortzeko. Honek hainbat ate zabalduko dizkie. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko magisteritzako 4. mailan dauden 10 ikasleri Bordeaux Montaigne Unibertsitatean frantsesezko trebakuntza trinko bat eskainiko zaie urtebetez eta, jarraian, euskarazko klaseak emateko irakasleen kontratu-lehiaketara aurkezteko beharrezkoak diren gaitasunak barneratzeko Masterra jarraitzeko modua ere, Paueko ESPEn. Gainera, Akitania Berriko unibertsitateetako 20 ikasleri urtebetez euskara formakuntza trinkoa eskainiko zaie Euskal Herriko Unibertsitatean, Zornotzako Barnetegian zehazki.
Formakuntzarako gastu guztiak proiektuak hartuko ditu bere gain, 600 euro hileko ikasle bakoitzeko diru-laguntzez gain. Eskola Futura hezkuntza programarako matrikula epea apirilaren 15etik maiatzaren 15era arte egongo da zabalik eta, maiatzaren amaieran, aurkeztutakoen arteko aukeraketa elkarrizketa bidez egingo da. Interesa duen edonork honako helbide elektronikora jo dezake informazio eske: presse@eskola-futura.eu
Egitasmoa Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea osatzen duten hiru eskualdeen arteko harremanetan urrats bat gehiago da, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatzen du. Proiektua bururaino eramateak Euroeskualdean hitz egiten diren hizkuntzen ezagutza eta erabilera indartzea ekarriko du, ikasle trebatuentzako enplegua eta mugaren bi aldeetako eskola-sistemen eta praktika pedagogikoen arteko elkarrekikotasuna sustatzea eta baita lurraldeko unibertsitaeen arteko lankideza indartzea ere.
![]() |
Proiektuaren helburu nagusietakoa Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko hizkuntzen ezagutza eta erabilera indartzea da. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.