martes, 20 de marzo de 2018

Emaktiva programak gizarteratzen eta laneratzen lagundu die 146 emakumeri

Bizkaiko Foru Aldundiak —Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailaren bidez— Emaktiva deritzan programaren finantziazioan parte hartzen du. Honek, duela bi urte abian jarri zenetik, gizarteratzen eta laneratzen lagundu die langabezia, bazterkeria, pobrezia eta indarkeria matxista direla-eta kalteberatasuna jasaten duten 146 emakumeri. Suspergintza Elkarteak eta EDE Fundazioak emakumeentzat banan-banan prestatutako ibilbideen bidez garatzen da Emaktiva programa; eta Foru Erakundeak egindako inbertsioaz gain, Europako Gizarte Funtsetik ere dirua jasotzen da.
Aurreko irailetik aurrera, fase berri bati ekin dio programak, bere lan-poltsari eta enpresekiko bitartekotzari bultzada emanda. Horretarako, beste ekimen askoren artean, enpresei erakusteko bideo bat egin da, Emaktivan parte hartzen duten emakumeen kontratazioan laguntzera animatu daitezen. Kalteberatasunei dagokienez, emakumeen eta gizonezkoen artean dauden aldeei erantzuna emateko sortu da programa hori. Izan ere, ez diete batzuei eta besteei berdin eragiten bazterkeriak, txirotasunak, langabeziak eta, jakina, indarkeria matxistak.
Abian jarri zenetik, programak 146 emakumeri lagundu die. Horietatik %48 30-45 urte bitartekoak ziren; %22, 46-54 artekoak; %15, 30 urtetik beherakoak; eta %14, 54 urtetik gorakoak. Gainera, %56k denbora luzea zeramaten lanik gabe; %28k denbora gutxi; %10ek bazuten lana eta %5 ez ziren aktiboak. Hezkuntza mailari dagokionez, %52k Lehen Hezkuntza zuten amaitua, %28k, Bigarren Hezkuntza; eta %20k heziketa zikloak eta graduak. Bestalde, %24 guraso bakarreko familietakoak ziren, eta %35 indarkeria matxistaren eraginpean zeuden.
Parte hartu duten 146 emakume horietatik, 118k (%80k) gizarteratzeko eta laneratzeko banakako ibilbide osoak egin dituzte, bai banakakoan zein taldekakoan. 31 andrazkok badute inoren konturako enplegua euren ibilbidea amaitutakoan. 47 emakumek kualifikazioa lortu dute, 12k hobetu egin dute lan merkatuari begirako egoera, eta 87k lan bila jarraitzen dute modu aktiboan. Gainera, 40 enpresak 47 emakume hartu dituzte praktikak egiteko, eta programan laguntzen duten zazpi enpresaren 14 lan-eskaintza kudeatu dira.
Emakume askoren arazoak larriak dira, benetan. Zailtasun erantsiak dituzte hainbat baldintzaren ondorioz. Horien artekoak dira desgaitasuna, migrazioa, gutxiengo etniko bateko kide izatea, adikzio arazoak eta prestakuntza falta. Baina, oso bereziki, indarkeria matxista. Horrek are zailago egiten die lan merkatura iristea eta bertan jarraipena izatea, eta pobreziaren eta gizarte-bazterketaren arrisku handiagoa ere ematen die. Horregatik, Emaktiva programak apustu egiten du banakako laguntza-ibilbideen alde, arreta espezializatuaren eta laneratzeko eta gizarteratzeko laguntzaren alde.

Emakumeek zailtasun erantsiak dituzte lan merkatuan sartu ahal izateko.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes