jueves, 8 de marzo de 2018

Arau-hauste penalek %1,46 egin zuten gora iaz Euskadin

Ertzaintzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoek landutako delinkuentziaren iazko  memorian 107.957 arau-hauste penal jaso dira. Aurreko urtean 106.402 izan zirenez, 1.555 gehiago egon dira honakoan, %1,46 gehiago hain zuzen. Mila biztanleko delitu-tasari dagokionez, iaz 49,20an finkatu zen eta 2016an, aldiz, 48,20an. Hilketek, etxebizitzetako lapurretek eta beldurra erabiliz egindakoek behera egin dute, eta gora sexu erasoek eta familia barruko tratu txarrek.
Delitu estrategikoen artean, larrienak, hilketak alegia, gutxitu egin dira —2016ko 6etatik iazko 4etara— eta guztiak argitu ziren, Ertzaintzak delitugileak epailearen esku jarrita. Indarkeria eta beldurra erabilita egindako lapurretek %7,83 egin dute behera, etxebizitzetakoek %2,52 eta beste leku batzuetan egindakoek, aldiz, %2,65. Ohikoak diren eta ez diren tratu txarrek, ordea, %4,33 egin dute gora, lesioek %8,45 eta sexu-erasoek %30, aurreko urtean 140 kasu eta iaz 182 izan baitziren.
Ondarearen aurkako ekintzak delitu guztien %76,95 izan dira 2017an, eta atal horretan %0,39 jaitsi dira arau-hausteak. Gauzetan indarra erabilita egindako lapurretak %2,92 gutxitu dira, orotara, 15.642 erregistratuta. Gutxitu egin dira etxebizitzetan indarra baliatuta egindako lapurretak ere, eranskinetan, garajeetan eta trastelekuetan egindakoak barne. Beherakada %2,52koa izan da, 4.779tik 4.678ra artekoa. Lurralde historikoei dagokienez, etxebizitzetako lapurretak %13,25 jaitsi dira Gipuzkoan, 1.706tik 1.480ra; Bizkaian, %2,11, 2.514tik 2.461era; eta Araban, aldiz, %27,29 igo dira, 579tik 737ra.
Ebasketak dira ondarearen eta arlo sozioekonomikoaren aurkako lapurreten ataleko arau-hauste ugarienak, eta horiek %2,66 jaitsi dira iaz. Horren aurreko urtean 40.230 delitu erregistratu ziren eta iaz, 39.158. Aldi berean, %8,33 egin dute atzera motordun ibilgailuen lapurretek ere. Segurtasun kolektiboaren aurkako arau-hausteak %0,41 jaitsi dira eta horien barruan droga trafikoa %0,68 jaitsi da. Alkoholdun eta drogen eraginpean gidatzeagatik egindako arau-hausteak, ostera, %3,47 gutxitu ziren. Beste arau-hauste penal gisa sailkatutakoak, azkenik, %12,12 gehitu dira.
Delinkuentziaren inguruko memorian Ertzaintzak iaz EAEn jakin eta ikertu dituen internet bidezko delituei eta gorrotoarekin lotzen direnei buruzko atala landu du. Horren arabera, iaz honelako 9.217 delitu izan ziren, eta aurreko urtean 7.772. Igoera, beraz, %18,53koa izan da. Lurraldeen arabera, Bizkaian jazo ziren 4.846, Gipuzkoan 2.807 eta Araban 1.564. Ziberdelituen barruan, bereziki dira nabarmentzekoak iruzurrak, guztira 8.218 izan zirelako, ziberdelitu guztien %89 —2016an baino 1.463 kasu gehiago—. Atal honetan sartuko lirateke, esaterako, kreditu-txartel bidezko iruzurrak, banku-kontuetan egindako iruzurreko karguak eta 'on line' erosketetan izandakoak. Bizkaian 4.320 iruzur kasu izan ziren, Gipuzkoan 2.572 eta Araban 1.406.

Ebasketak dira ondarearen eta arlo sozioekonomikoaren aurkako lapurreten ataleko ara-hauste ohikoenak.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes