1.583 trafiko istripu jazo ziren iaz Bilbon, aurreko urtean baino %1,6 gutxiago zehazki. Horietan, 41 lagunek zauri larriak jasan zituzten, aurreko urtean baino %16,3 gutxiagok, eta hildako bat izan zen, 2016an zendutakoak lau izan ziren bitartean. Udalaren arabera, hiriburua norabide egokian ari da trafikoari dagokionez, baina egindakoan sakondu beharra dagoela gaineratuta. Azken hamar urteotan istripuak %15 inguru gutxitu dira. Izan ere, 2008ko 1.861 istripuetatik iazko 1.583etara jauzi baita.
Istripuetan izandako biktimen zenbatekoa gutxitzen ari da pixkanaka, 2010ean 927 izatetik iazko 814era artekoa izan baita aldea. Iazko biktimen artean, 41ek zauri larriak izan zituzten: 2010ean 50 izan ziren eta 2016an 49, baina 2015ean 2017an baino gutxiago, 34. Hildakoen kopuruan ere hobera egin da urteen joan-etorriarekin, 2010ean zazpi izan zirelako orotara eta iaz bakarra, garbitzeko ibligailu batek zapalduta urtarrilean hildako emakumezko bat. 2015ean istripuz hildakoak bi izan ziren eta 2016an, lau.
Bide segurtasuneko txostenak dioenez, istripuen arrazoi nagusiak aparkatzeko maniobrak, gidariaren deskuiduak, segurtasuneko distantzia ez errespetatu izana, ibilgailuaren kontrola galtzea, pasatzen uzteko seinalea ez errespetatzea, abiadura desegokia eta alkoholaren eragina dira, besteak beste. Istripuen %80tik gora bide zuzenetan edo bidegurutzeetan jazo dira Bizkaiko hiriburuan. Istripurik gehien izan dituztenak Autonomia kalea, Gran Via, Santo Domingo Ibarsusirako errepidean, Zabalbide, Alameda Urkixo, Lehendakari Agirre etorbidea, Moyua Plazako biribilgunea eta Ernesto Erkoreka plaza izan dira.
Istripuetan parte hartu eta bide segurtasunaren aurkako delituengatik atxilotu edo inputatutako pertsonen ia %20 26 eta 30 urte bitartekoak ziren, eta jarraian 19-25 urte bitartekoak zeuden, %16arekin. Iaz Udaltzaingoak 431 alkohol eta droga froga egin zituen, eta 114 izan ziren positiboak. Alkoholean edo drogetan positibo emandako gidarien istripuetan 33 biktima izan ziren, horietako bi zapalduta. Iaz Bilbon jazotako istripuen artean, 166 harrapatzeak izan ziren, 2016ko 183en %9 baino gehiago azpitik. Autoek harrapatutako biktima gehienak 60 eta 79 urte bitartekoak ziren.
Harrapatzeen %63,3 gidariek eragindakoak izan ziren, batik bat oinezkoen pasabideetan horien lehentasuna ez errespetatzeagatik. Harrapatzezko gainerako istripuen %36,7 oinezkoen erruz gertatu ziren, modu desegokian bidean sartzeagatik. Harrapatzeen %66,8 bide zuzenetan jazo ziren eta %28,3 bidegurutzeetan.
Azkenik, radar finkoaren eta radarra daraman ibilgailuaren neurketen ondorioz iaz 6.738 ibilgailuri jarri zieten isuna, zegokien abiadura gainditzeagatik. Tasa %0,13koa besterik ez zen izan, 5.362.596 ibilgailu aztertu zituztelako. Gainera, isunak ere gutxitu egin dira, 2016an 8.024 ezarri zirelako.
![]() |
Radarren bidez jarritako isunak 2016ko 8.024etatik iazko 6.738ra jaitsi ziren Bilbon. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.