Otsailaren 9tik 25era bitartean Neguko Olinpiar Jokoak egingo dira Hego Koreako PyeongChang-en eta estrainekoz Euskal Autonomia Erkidegoko lau kirolari ariko dira bertan: Lucas Eguibar snowboardlaria, Felipe Montoya patinatzaile artistikoa, Imanol Rojo iraupen-eskiatzailea eta Juan del Campo eskiatzaile alpinoa. Gainera, martxoaren 9tik 18ra bitartean, Jon Santacana eskiatzaile alpinoak Paralinpiar Jokoetan ekingo dio.
Eguibarrek Sierra Nevadan iaz jokatutako snowboardcross-eko Munduko Txapelketan lortu zuen sailkapena, banaka zein taldeka bigarren izateari esker. Otsailaren 15ean lehiatuko da Hego Korean, eta aukera asko ditu domina lortzeko. Bere bigarren Jokoak izango dira hauek, 2014ean Sotxin, Errusian, parte hartu eta diploma bat lortu ostean. Felipe Montoyak, aldiz, plazetako bat lortu zuen Zagrebeko CS Golden Spin-etako eta abenduko Espainiako Txapelketako notak uztartuta. Datorren asteko barikuan, 16an, programa laburra ondo egitekoa da, hurrengo egunean programa librea egin ahal izateko. Sotxiri begira gutxi falta izan zitzaion sailkapena lortzeko eta, beraz, lehen Olinpiar Jokoak izango ditu hauek.
Juan del Campo mungiarrak, ostera, FISek ezarritako baldintzak eta Espainiako zein nazioarteko kirol agintaritzek ezarritako irizpideak betetzen ditu bere diziplinan, 2016ko Kronplatzko Europako Kopako paraleloan lortutako bederatzigarren postuari esker. Otsailaren 18an lehiatuko da eslalom erraldoian eta 22, eslalomean. Imanol Rojo tolosarrak, bere aldetik, baldintza eta irizpide guztiak betetzen ditu bere kirolean, iazko martxoan Seefledeko Alpen Cup FISen jokatutako hamabost kilometroko jazarpen proban lortutako hamalaugarren postuari esker. Lucas bezala, bigarren aldiz lehiatuko da Neguko Olinpiar Joko batzutan, Sotxin parte hartu zuelako. Orduan, 50. izan zen eskiatloian, 60. esprinean, 50. hamabost kilometroko proban eta 33. berrogeita hamar kilometrokoan. Tolosarrak hilaren 11n izango du 15 km+15 km eskiatloiko proba; 15 kilometro estilo libreak otsailaren 16an; taldekako esprin proba 21ean eta 50 kilometroko mass start proba 24an.
Lehen aldia da euskal ordezkaritza hain oparoa dena. Orain arteko handienak 1998ko Naganoko Jokoetan eta 2014ko Sotxikoetan izan ziren: bietan hiruna kirolari aritu ziren. Zehazki, Iker Fernández, Ainhoa Ibarra eta Haritz Zunzunegi egon ziren Naganon eta Lucas Eguibar, Imanol Rojo eta Paul de la Cuesta Sotxin. Azken honetan, gainera, beste hiru kirolarik ekin ziote Paralinpiar Jokoetan, Jon Santacanak, Aitor Puertasek eta Urko Egeak.
Oraingo Paralinpiar Jokoetan berriz izango da Jon Santacana. Estatu mailan eskialari arrakastatsuena da, eta bere bostgarren Jokoak izango dira hauek. Donostiarrak zortzi domina ditu orain arte lau Jokotan (Salt Lake City 2002, Torino 2006, Vancouver 2010 eta Sotxi 2014). Martxoaren 10ean izango du lehen aukera bere maila erakusteko jaitsierako proban, 11n super-erraldoian, 13an super-konbinatuan, 14ean eslalomean eta 17an eslalom erraldoian.
![]() |
PyeonChangeko Neguko Olinpiar Jokoak hil honen 9tik 25era dira egitekoak. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.