lunes, 12 de febrero de 2018

'Handia', zine aretoetan berriz ikusgai

Zalantzarik ez dago euskal zinema modan dagoela, 'Handia' filmak hamar Goya sari lortu berri eta gero. Kopuru horrekin horien ibilbideko hirugarren film sarituena da. Honakoak dira jaso dituenak: jatorrizko gidoi onenarena, aktore berri onenarena, argazki zuzendaritza onenarena, produkzio zuzendaritza onenarena, jatorrizko musika onenarena, muntaia onenarena, zuzendaritza artistiko onenarena, jantzien diseinu onenarena, efektu berezi onenena eta makilaje onenarena. 13 hautagaitza zituen eta hiru sari baino ez zaizkio falta izan denak etxeratzeko.
Arrakasta horren ostean, filma zine aretoetara itzuli da berriz. Urriaren 20an estreinatu zen, irailean Donostiako Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia lortu eta gero. Jon Garaño eta Aitor Arregik zuzendutako lanak 100.000 ikusletik gora izan zituen lehen txanda horretan eta orain, Goya sarietan lortutako emaitza borobilaren ostean, berriz jarriko dute ikusgai. Dena den, egileek aitortu dutenez, ez dira datarik egokienak ikusle kopurua dezente hobetzeko, Oscar sarietara begirako hautagaitza dutenak direlako nagusi aretoetan.
'Handia' Arregi eta Garañok zuzenduriko fizkiozko lehen filma da. Dena den, 15 urtetik gora daramatzate elkarrekin lanean, eurek sortutako Moriarti ekoiztetxean. Egindako aurreko filman, 'Loreak'en, Garañok zuzendari eta gidoilari lanak egin zituen eta Arregi, aldiz, gidoilari eta ekoizle eragile modura aritu zen. 'Handia' mugarri izan da euskal zinemagintzan, Zinemaldian lehiatzeko aukeratutako euskaraz filmatutako lehen filma izan zenez geroztik. Horrez gain, 'Loreak' film onenaren Goya sarirako hautagaien artean aukeratu zuten, eta 2015eko Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko ere bai.
Eta zertaz ari da 'Handia'? Ba Lehen Karlistadan derrigortuta borrokatu ostean, Martin Altzoko bere baserrira itzuliko da, eta han, Joakin anaia ohi baino askoz handiagoa dela ikusiko. Edonork Munduko gizonik handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bat egingo dute, Europan zehar. Bidean, anbizioek, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Ez da asmatutako istorioa, benetako gertakarietan oinarritutakoa baizik.
Estetika ezin ederragokoa da filma, ikusi dutenak txunditzerainokoa. Gaixotasun baten ondorioz ikuskizun bihurtzen den gizonezko baten bizitzari buruz dihardu, 1818an jaio eta 1861ean hildako Migel Joakin Eleizegiri buruz. Altzoko Handia edo Erraldoia deitzen zioten. 20 urte bete artean haurtzaro eta gaztaro arruntak izan zituen, baina ordutik aurrera akromegalia izeneko gaitza jasan eta bere tamainagatik hasi zen nabarmentzen. Bi metro eta berrogeita bi zentimetro inguru ei zituen 43 urterekin hil zenean. Garaiko hainbat agintariren aurrera eraman zuten, tartean Espainiako Isabel II erreginaren aurrera. Eneko Sagardoy da Joakinen rola betetzen duena, bikain gainera. Izan ere, berarentzat izan da aktore berri onenaren Goya saria. Merezi du, beraz, zine areto gertukoenera jo eta film honetaz gozatzeak.

Eneko Sagardoy durangarrak irabazi du aktore berri onenaren Goya saria, 'Handia' filman egindako lan bikainagatik.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes