domingo, 18 de febrero de 2018

Bizkaira etorritako bisitariek 10etik 9ko balorazioa egiten dute

Analisi kualitatiborako tresna berri bat abiarazi berri du Bizkaiko Foru Aldundiak turismoari begira. Ondorioz, duela hamarkada batetik urtero egiten den Behatokiaren datuez gain, monitore berri bat sortu da, eskualdeetako turismo-informazioko bulegoetara jotzen duten bidaiariei egindako inkesta eta elkarrizketek osatuko dutena. Hala, Bizkaia opormuga duten bidaiariek zer iritzi duten jakiteko bi azterlan egin dira. Horien bidez informazio ugari jasotzen da turistek lurraldeaz dakitenari buruz: bidaiaren arrazoiaz, aukeratzen duten ostatu motaz, egiten duten gastuaz, hobetuko lituzketen aldeez eta egin dituzten txangoez.
Eta beste behin bidaiariek balorazio ona egin dute. Zehazki, Bilbao-Bizkaiari 10etik 9 puntu eman dizkiote bisitan etorri direnek. Bertokoak harritu egiten ditu, paisaiagatik, gastronomiagatik, arkitekturagatik, kulturagatik eta, batik bat, bertoko jendearengatik. Iazkoa urte handia izan zen turismoarentzat Bizkaian. Bisitarien kopuruaren errekor berri bat hautsi zen eta bidaiariari eskainitako esperientziari dagokionez aurreikuspen guztiak gainditu ziren. Asebeteen joan zirenen artean andaluziarrak eta madrildarrak nabarmentzen ziren Estatukoen artean, eta alemaniarrak, estatubatuarrak eta britaniarrak handik kanpokoei dagokienez. Itzultze-indizea handia da: 10etik 8,76 zehazki. Horretan madrildarrak eta kataluniarrak dira nagusi, baina baita alemaniarrak eta britainiarrak ere.
Behatokiak erakutsi du bidaiarien bataz besteko gastua %5,3 hazi zela iaz 2016koaren aldean. Inkestak zehaztu zuenez, gainera, egunean bataz beste egindako gastua —joan-etorriaren gasturik gabekoa— 108 euro ingurukoa izan zen Estatuko turisten artean eta 117koa kanpokoei dagokienez. Berton eragin ekonomiko handiena izan zuten Estatuko bidaiariak andaluziarrak eta madrildarrak izan ziren, hurrenez hurren 112 eta 111 euro baliatu baitzituzten egunean. Kanpokoen artean, aldiz, frantziarrek (179) eta britainiarrek (147) jokatu zuten eskuzabalen. Ostatu motari buruz, sendotu egin da joera, eta iaz %39,2k ostatu alternatiboetara jo zuten —apartementu, aterpetxe eta hosteletara—. Gainerako %60,8 hoteletara joan zen. Bertora etortzeko arrazoien artean, Guggenheim Museoa, paisaia eta gastronomia nabarmendu ziren.
Bestalde, eskualde-turismoaren lehenengo monitoreak zenbait ezberdintasun nabarmendu ditu eskualdeetara hurbiltzen diren bisitari moten artean. Inkestatutakoen %81,3 bizkaitarrak ziren, lurraldean gaua ematen zuten pertsonak. Gainerako %18,7, txangozaleak, gaua Bizkaian eman ez zutenak. Gorbeialdeak eta Urduñak txangozale maila handiak hartu dituzte, hurrenez hurren %53,7 eta %45,8. Txangozaleen erdiak baino gehiago Arabatik eta Gipuzkoatik datoz.
Jarduera turistiko mota ezberdinen araberakoa da ostatu mailako eskaria. Gorbeialdean eta Durangaldean landetxeek garrantzi handia dute, eskualdeotako turisten %37,5 eta %35 biltzen dituztelako; baina Urdaibai, Enkarterri eta Urduña bisitatzen dituztenek batez ere hoteletan eta landa-hoteletan hartzen dute ostatu. Getxon, Portugaleten eta Santurtzin hotelak, apopilo-etxeak eta hostelak dira nagusi. Eta Lea-Artibain zein Uriben, kanpinetara jotzen dutenen portzentaje esanguratsuak nabarmentzen dira, baina autokarabanentzako aparkalekuetara joaten direnenak ere.

Jarduera turistiko motaren araberakoa izan ohi da ostatu mailako eskaria Bizkaiko eskualdeetan.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes