sábado, 24 de febrero de 2018

Aldundiak 'millennial'ak eta enpresak jarriko ditu harremanetan

Bizkaiko Foru Aldundiak 1000x1000 deritzan programa jarri du abian enpresen eta 'millennial' gazteen arteko hurbilketa sustatu eta enplegugarritasuna hobetzeko. Programa hau aste honetatik hasiko da garatzen UPV/EHU, Euskalit eta Human erakundeekin lankidetzan eta zortzi hilabeteko iraupena izango du. Aldundiaren berbetan, enplegugarritasuna sustatzeko programa hau berritzailea da eta enplegua era aktiboan bilatzen ari diren eta enplegurako aurreko belaunaldiekiko nabarmen ezberdinak diren motibazioak eta gaitasun apartak dituzten 'millennial' belaunaldiko pertsona gazte kualifikatuak ditu ardatz.
1980. hamarkada inguruan jaiotakoei deitzen zaie 'millennial'. 1993an hasi zen izen hori baliatzen garai hartako nerabeak izendatzeko. Ustez, aldaketetara erraz egokitzen diren pertsonak dira horiek, gaur egun telefono mugikorrekin, sare sozialetan edo 'streaming' bidezko sistemetan-eta erraz ibiltzen direnak. Hiperkonexioa dute ezaugarrietakoa, euren burua azaltzekoa, berehalakotasuna bilatzen omen dute. Maila soziologikoan hainbat etiketa jarri nahi izan zaizkio belaunaldi bakoitzari, eta baita honako honi ere, baina oro har adituak bat datoz oinarrizko horietan. Enpresei begira, desafioak ez dira nolanahikoak belaunaldien arteko arrakalak estaltzeko, eta horretarako barne aldaketa sakonak behar izaten dira.
Programa honetan 25 gaztek hartuko dute parte, UPV/EHUko Leioako Campuseko Gizarte eta Komunikazioko Zientzien Fakultateko ikasle direnak. Guzti horiek curriculumetik kanpoko euren praktikak hasten ari dira hezkuntzako lankidetzako programa baten barruan. Horietatik 13 Publizitatea eta Harreman Publikoetakoak dira, 5 Kazetaritzakoak, 3 Zientzia Politikoetakoak, 3 Soziologiakoak eta 1 Ikus-entzunezkoen Komunikaziokoa. 17 emakumezkoak dira eta 8, gizonezkoak.
Zortzi hilabetetan zehar, programak bi fase guztiz ezberdin izango ditu. Apirilaren amaiera arteko lehen fasean gazteen jardueraren ardatza coach enpresak deitzen direnak izango dira. Fase honetan, jardueraren iraupena astean gehienez 20 ordukoa izango da, eta gazteak 'erronka-enpresa' deitutakoetako batean garatuko den ekintza zehatz baten proposamenarekin joango dira prestatzen bigarren fasean sartzeko. Hasierako fase honetan gazte bakoitzak hileroko 400 euro jasoko ditu.
Bigarren fasea, ostera, datorren maiatzetik aurrerakoa izango da eta bost hilabete iraungo du. Horretan, aurrez landu duten proposamen hori euren erronka-enpresan garatuko dute. Kasuon ere ordutegia gehienez 20 ordukoa izango da astero eta jasoko duten ekarpena, aldiz, 500 eurokoa hilero.

25 gaztek hartuko dute parte programan.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes