Osakidetzako ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan ia milioi bat lagun artatu zituzten iaz —940.000, zehazki—, eta horietako %65ek patologia oso arinak edo arinak izan zituzten. Halaxe eman dute ezagutzera Osasun Zerbitzuko arduradunek. Lehen Mailako Arretan, 11.648.197 kontsulta mediko hartu zituzten, aurreko urtearen pare. Horietatik, %22,3 telefono bidezko kontsultak izan ziren. Ondorioz, jarduera egonkorra da kuantitatiboki, nahiz eta nabarmentzekoa den kualitatiboki bat-bateko, programatutako, premiazko eta etxeko kontsulten arretaz gain, beste hainbat hartzen dituela: paziente kronikoen eta patologia anitzen jarraipena, haurren arreta, txertaketa, arrisku kardiobaskularraren prebentzioa —tentsio arteriala, diabetesa, obesitatea eta tabakoaren kontrola—, eta antzekoak; baita esku-hartze komunitarioa eta koordinazio sozio-sanitarioko jarduerak ere.
Iaz Osakidetzak aurreko urtean baino 4.305 interbentzio kirurgiko gehiago egin zituen. Guztira, 127.096 programatu ziren eta horietatik %60 ingresurik gabekoak izan ziren. Hala, 76.258 ebakuntzatan pazienteak egunean bertan itzuli ziren etxera. Itxaron zerrenda kirurgikoen kasuan, paziente kopurua aurreko urtekoaren antzekoa izan zen —17.281 eta 17.343, zehazki—, baina egun gutxixeago itxaron behar izanda: 49,6 egun.
Lehen Mailako Arretako eta Ospitaleko Arretako profesionalen kontsulta ez presentzialak %15,5 gehitu ziren 2016koekin alderatuta. Guztira, 95.904 kontsulta egin ziren. Horiek Lehen Mailako Arretaren jarduera bultzatzen dute, pazienteari erantzun azkarrago bat eman eta ospitaleetara joan behar gabe. Telefono bidezko kontsultak Lehen Mailako Arretan egindakoen %23,3 izan ziren: 2,8 milio baino gehiago. Bestalde, Ospitaleetako Arretan kontsultak %13,4 gehitu ziren.
Horietako larrialdiek milioi bat lagun inguru artatu zituzten, eta 600.000 baino gehiago patologia arinak edo oso arinak izan ziren. Etengabeko Arretako Guneek, aldiz, 941.767 lagun hartu zituzten kontsulta medikoetan eta erizaintzakoetan.
Bizi-itxaropenak gora egin du eta horrek ondorioak ditu osasunaren alorrean. Hala, urtero 80 eta 90 urtetik gora dituzten lagunen ebakuntza kopurua handitzen ari da. Zehatz, 2017an 85 urtetik gorakoei egindako ebakuntzak 11.252 izan ziren.
Etxeko ospitalizazioaren bidez Osakidetzak 12.224 paziente artatu zituen. Jarduera hori ospitaleko 445 ohetan egindakoaren parekoa da. Patologia kronikoa duten pazienteen (%23), aringarrietakoen ((%23) eta onkologikoen (%7) jarraipen handia nabarmentzekoa izan da. Emergentzietan, 409.335 deirekin, ia minuturo dei bati erantzun diote Osakidetzan. Helikopteroak, bataz beste, egunero irteera bat baino gehiago egiten du: iaz, 381 irteera.
Koloneko minbiziaren detekzio goiztiarreko programak, arrisku handiko 2.228 adenoma eta 237 minbizi inbaditzaile detektatu zituen. Bularreko minbiziarenean, aldiz, 617 izan ziren detektatutakoak. Transplanteen programari dagokionez, Euskadiko organo-emateen tasa milioi bat biztanleko 70,3koa izan da. Espainiako bataz bestekoa baino handiagoa —46,9koa baita— eta munduko altuenetarikoa.
![]() |
Bizi-itxaropenak gora egin izanak ondorio zuzenak ditu osasun zerbitzuetan. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.