jueves, 25 de enero de 2018

Kalitate handiko uzta oparoa eman du Bizkaiko sagardoak

Aurten Bizkaian dastatu ahal izango den sagardo uzta oparoa eta kalitate handikoa da. Hala adierazi dute lurraldeko Sagardogileen Elkartetik, uzta historikotzat jo dutelako: ekoizpen bolumena 200.000 litrokoa izan da, iazkoa baino 75.000 litro gehiagokoa. Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek gogorarazi duenez, Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena deritzan proiektua duela urtebete abiatu zen eta horri esker Euskadiko sagardoa "aukeraz betetako unean dago". Egitasmo horretan Jaurlaritza sektorearekin eta beste erakunde batzuekin ari da elkarlan estuan. Jatorri Izendapena bultzatuta, sektorea batzea, sagardoaren kultura sustatzea, sagar ekoizleei eta sagardogileei bultzada bat ematea eta kontsumitzaileei kalitatea duen bertoko produktu bat eskaintzea da helburua.
Plan horrek bertoko sagardoaren ekoizpena handitzen lagunduko duten tresnak emango dizkio sektoreari, eta ondorioz Jatorri Izendapena duen produktuari zuzen eragingo dio, baita produktuak merkatuan jartzeko eta horien salmentak hobetzeko ere. Sasoiko, kalitateko eta jatorriko euskal produktu honen eta beste batzuen sustapena da Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoak oinarri dituen zutabeetako bat. Hala, nekazaritzako elikagaien balio katea, ekoizleengandik kontsumitzaileengana doana, indartzeko eta bultzatzeko ildo nagusiak zehazten ditu planak.
Iazko uztak 12 milioi litro sagardo inguru eman ditu Euskadin, kalitate eta jatorri zigilua sortu zenetik bigarrena izateraino. Gipuzkoan lau milioi litro sagardo egin dira, Bizkaian eta Araban bildutako sei milioi kilo sagar erabiliz. 250 hektarea baino gehiago baliatu dira eta 200 ekoizle baino gehiagok hartu dute parte. Sagardogileei dagokienez, 47 sagardotegi daude guztira. Jatorri Izendapeneko sagardoa egin dutenak 40 dira Gipuzkoan, 5 Bizkaian eta 2 Araban.
Sagardoa osasuntsu heldu da kupeletara, aurreko neguko tenperatura baxuak eta udaberriko eguraldi eguzkitsuak loraldia aurreratu duelako eta horrek sagar barietate ezberdinetan eragina izan duelako. Horren ondorioz, aurtengo sagardoak gorputz ederrekoak dira ahoan eta oso usaintsuak. Horiek dira euren ezaugarri garrantzitsuenak. Edalontzian intentsitate handikoa da aurtengo sagardoa, eta kolore argiagoa du. Orohar, alkohol graduazioa %6 ingurukoa izan da, lehengo urtekoarenak baino gutxiago. Hala, oraingo honetan sagardoa erraz edatekoa da, alkohol gutxiagokoa, kolore argikoagoa eta oso usaintsua
Bizkaiko txotx denboraldia Amorebieta-Etxanoko Uxarte sagardotegian egin zen aurreko astelehenean. Aiora Renteria Zea Mays musika taldeko abeslaria izan zen enbaxadore egun horretan eta berorri egokitu zitzaion Bizkaian txotx denboraldia ofizialki zabaltzeko ardura. Sagardoaren ezaugarriak ezin aproposagoak dira berau dastatu eta hain bertokoa den edari goxoa gozatzeko. Txotx!

Aurtengo sagardoa erraz edatekoa da, iazkoa baino alkohol gutxiagokoa, kolore argiagokoa eta oso usaintsua.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes