sábado, 13 de enero de 2018

Jaurlaritzak ISO 9001 eta ISO 14001 arauak euskaratuko ditu

Sinatu berri duen hitzarmen bati esker, Eusko Jaurlaritzak enpresen artean zabalkunde handikoak diren hainbat arau euskaratuko ditu, besteak beste, ISO 9001 eta ISO 14001. Akordioa Nornalizaziorako Espainiako Elkartearekin (UNE) egin da, euskal enpresentzat interes orokorrekoak diren arauen euskarazko bertsioa garatzeko. Munduko milioi bat erakundek baino gehiagok aplikatzen dute arrakastaz ISO 9001 araua, kalitatearen kudeaketari buruzkoa, eta 350.000ak erabiltzen dute ISO 14001 euren ingurumen kudeaketa egokirako. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta UNEko zuzendari nagusi Javier García Díaz izan dira sinatzaile.
Helburua honakoa da: akordioaren iraunaldian, lau urtetan, UNE arauak euskaratzeko itzulpen-programa bat garatzea, nahiz eta akordioa luzatu ahal izango den epe horretatik aurrera. Arau tekniko horiek merkatuaren adostasuna islatzen duten dokumentuak dira, erakundeen lehiakortasunerako funtsezkoak diren gaiei heltzeko jardunbide egokien ingurukoak, enpresen ziurgabetasuna bazter uzteko balio dutenak. Euskarara egiten den itzulpen honez gain, UNE arauak beste hizkuntz koofizialetara ere itzultzen dira, bai galizierara, bai katalanera.
Eusko Jaurlaritza UNE arauak euskaratzeaz arduratuko da, baita beharrezko eguneraketaz ere. Halaber, urteko programan txertatu nahi diren arauen zerrenda sinatuko dute bi aldeek urtean behin. Ondoren, Jaurlaritzak arauen euskarazko itzulpena emango die UNEko arduradunei, bertsio hori eta UNE arauari dagokion jatorrizko bertsioa bat datozela ziurtatzeko. Bestalde, hitzarmen honen iraunaldian zehar Kultura eta Hizkuntza Politika sailak urteko partida bat jasoko du aurrekontuetan arauen itzulpengintzarako.
Azkenik, UNE arduratuko da, besteak beste, hitzarmen honen xede den lan-programatik eratorritako arauen euskarazko bertsioak —Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak abalatutakoak— editatu eta hedatzeaz. Edizioaren zenbatekoak UNEk hartuko ditu bere gain. Erakunde horrek baimena ematen du Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikoak hitzarmenaren xede diren arauetan barne hartutako terminoak txertatzeko eta jendartean hedatzeko, beti horien jatorria azalduta.
Normalizaziorako Espainiako Elkartea Espainian arau teknikoak garatzeaz legez arduratzen den erakundea da, eta ehun ekonomikoaren eskuetan jartzen du munduko katalogo osatuenetako bat, argibide eraginkorrak ematen dituzten 32.500 arau baino gehiagorekin. Hala, UNEk adierazitakoaren arabera, enpresen, euren produktuen eta zerbitzuen kalitatea eta lehiakortasuna hobetzea du asmo. UNE Espainiako ordezkaria da Nazioarteko normalizazio-erakundeen aurrean (ISO eta IEC), baita Europakoen (CEN eta CENELEC) eta COPANTen aurrean ere.

Lau urteko indarraldia izango du oraingoz Eusko Jaurlaritzaren eta UNEren arteko akordioak.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes