Gripearekin lotuta 100.000 biztanletik 277,24 kasu eman dira egunotan Euskadin. Gripe kasuek nabarmen egin dute gora, urteko garai honetan jazo ohi bezala. Horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak giza baliabideak eta materialak gehitu dituzte, gripe kasuen gorakadak eragindako laguntza eskaeraren gorakada handiari ahalik eta modu eraginkorrenean aurre egiteko. Jarraipen epidemiologikoa lau punturen koordinazioan oinarritzen da. Batetik, 'Mediku Jagoleen Sarea' dago, Lehen Arretako pediatria eta medikuntza orokorreko medikuz osatua, gaixo dauden pertsonen kopuruaren berri ematen duena. Bestetik, erreferentziako mikrobiologia laborategia daude, diagnostikoak eta anduiak baieztatzeaz arduratzen direnak. Horiei ospitaleetako informazio sistemak gehitu behar zaizkie, larrien dauden pazienteen jarraipena egiteko. Eta azkenik Osasun Saileko Osasun Publikoko teknikariak daude, erregistratutako datuen azterketa eta analisi xehatua egiteko.
Gripeak jotako biztanle talde kaltetuena 0 eta 4 urte bitarteko haurrek osatutakoa izan da aurreko urtearen azken egunetan eta urte berriko lehenetan. 100.000 biztanletik 208,8 kasu eman dira adin tarte horretan. Denboraldiaren hasieratik gripearen ondorioz 124 pertsona ospitaletaratu behar izan dituzte urtarrileko lehen egunetara arte, eta horietatik 49 larri heldu dira. Hauen artean 11 hil egin dira. Hildako pertsona horien erdiak bakarrik hartu zuen txertoa arrisku taldeetan egon arren. Horregatik, berriz gogorarazi da 65 urtetik gorako pertsonek, gaixotasun kronikoren bat dutenek eta haurdun dauden emakumeek txertoa jarri behar dutela.
Osasun arloko agintariek prebentzio neurrien garrantzia azpimarratu dute berriz. Erabili eta botatzeko paperezko zapiak baliatu behar dira, eztul edo doministiku egitean ahoa edo sudurra besoarekin estali behar dira eta eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitu behar dira maiz. Gripea gaixotasun desatsegina den arren, pertsona osasuntsuen artean onbera da, eta ez du tratamendu zehatzik. Horregatik, sukarra jaisteko atseden hartzea eta likido ugari zein sukarraren aurkakoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarra jaisten ez bada, medikuarengana jo behar da. Gaixotasun biriko bat denez, antibiotikoak ez dira eraginkorrak: oso kasu jakinetan bakarrik hartu behar lirateke eta medikuaren aginduz beti. Kutsatzeko aukera handia duenez, badaezpadako higiene neurriak hartzea gomendatzen da, besteak beste, eztuletik eta doministikuetatik babestea, eskuak maiz garbitzea edo erabili eta botatzeko paparezko zapiak erabiltzea, esan bezala.
Gripearen berezko sintomak sumatzen dituzten pertsonei osasun baliabideen erabilera arduratsua egin dezaten eskatzen zaie; sintomatologiaren arabera, norberaren arazoa artatzeko eta konpontzeko osasun zebitzu aproposena zein den (familia-medikua, Arreta Iraunkorreko Puntuak edo AIP eta, egoera larritzen bada, ospitaletako larrialdia zerbitzuak) egoki aukeratuta. Horrela, arreta jasotzeko beharrezkoak ez diren itxaronaldiak saihestuko dira eta, halaber, osasun sistema bera bete ez dadin lagunduko da.
![]() |
Urtarrilaren lehen egunetara arte 124 lagun ospitaletaratu behar izan dituzte Euskadin gripeak jota. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.