2018a dagoeneko hasi den arren, maila estatistikoan duela bi urteko datu osoak ezagutzen ari dira oraindik. Hala, egunotan jakin denez, Euskadiko enpresek 2.524,6 milioi euroko gastua egin zuten teknologia berritzeko jardueretan 2016an, aurreko urtean baino %3,3 gehiago. Eustaten arabera, gastu nagusiak barruko Ikerkuntza+Garapenean (I+G) —%51,1—, makinak eta ekipoak erostekoetan —%20,5—, kanpoko I+Gren erosketetan —%16,1— eta gainerako jardueretan —%12,2— aletu ziren. Urte horretan enpresa berritzaileak, berrikuntza teknologikoa edo ez teknologikoa landu zutenak, %16,4 izan ziren, 2015ean baino ehuneko bost hamarren gutxiago. Hamar langile eta goragokoetan, ostera, %34 izan ziren berritzaile, aurreko urtean baino %0,6 gutxiago.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2014-2016 aldian enpresen %11,4k (zehazki 18.394k) egin zuen berrikuntza teknologikoaren aldeko apusturik, aurreko aldian baino %0,5 gutxiagok. Enpresa berritzailetzat hartzen dira merkatuan produktu berriren bat, dela ondasuna zein zerbitzua, edo asko hobetutako produkturen bat sartu dutenak (%7,8 2016an) edo euren establezimenduan prozesu berriren bati edo asko hobetutako prozesuari ekin diotenak (%8,7). Hamar langiletik gorako enpresetan %27,9 izan ziren honako hauek, 2015ean baino 0,3 puntu gutxiago. Enpresa horien artean, produktua eraberritu zutenak %17,5 izan ziren, eta prozesua eraberritu zutenak, aldiz, %22,2.
Enpresa berritzaileen %26,4k finantzaketa publikoa jasotzen du. Eusko Jaurlaritza nabarmentzen da horretan, enpresa berritzaileen %20,6 laguntzen baititu. Hala, laguntzak jasotzen dituzten enpresen %70 Jaurlaritzak finantzatzen ditu, osorik edo partzialki. Hamar langiletik gorakoetan, %51,2k jasotzen dituzte laguntzak eta Jaurlaritza da enpresa gehien finantzatzen dituena, %36,9 zehazki. Erakunde hori da hamar langiletik gorako enpresen artean laguntzak jasotzen dituztenen %72 osorik edo partzialki finantzatzen dituena.
Enpresen %92,2k uste dute berrikuntzak eragin positiboa duela produktuetan, ondasun zein zerbitzuetan; 75,2k, barne prozesuetan; %53,5ek, enpleguan; eta 45,4k dio bestelako eragin positiboak badirela, esaterako ingurumenean kalte txikiagoa eragitea edo langileen osasunean onerako laguntzea. Hamar langile edo gehiagokoetan, %95,3 dira eragin positiboa ikusten dutenak: %87,4k, produktuetan; %73,2k, barne prozesuetan; %65,5ek, enpleguan; eta %48,4k ingurumenean zein langileen osasun egoeran.
Enpresen %55,9k uste dute teknologia mailako berrikuntza zailtzen duten faktoreak badirela. Horien artean aipatzen dituzte ekonomikoa (%47,2), gehiegizko arrisku ekonomikoa (%39), kostu handiegiak (%42,9), eta finantza iturri eza (%35,5). Hamar enplegatu baino gehiagoko enpresetan berrikuntza oztopatzen duten faktoreak badirela uste dutenak %63,1 dira, eta oztopo berberak aletzen dituzte zehaztasunak eskatzen zaizkienean.
![]() |
Enpresa berritzaileen %26,4k finantzaketa publikoa jasotzen dute. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.