Muskizko Udalak, aurreko urteetan bezala, euskara ikasteko eta udalerriko merkataritza zein ostalaritza guneetan euskarazko errotulu eta toldoak instalatzeko diru-laguntzak emango ditu. Diru-laguntza hauetarako 10.000 euroko aurrekontu-partida dago, eta euskara sustatzea da ekintza honen helburua.
Muskizen erroldatuta daudenei HABEk homologatutako zentro publiko eta pribatuetan egiten dituzten ikastaroak ordaintzeko diru-laguntza emango zaie. Ez da diruz lagunduko hezkuntza zentroetako eskolaz kanpoko ekintzarik, ezta Guraso Elkarteek antolatutako jarduerarik ere.
Laguntza hauei esker matrikularen %50a itzuliko zaie ikasleei, betiere 300 euroko muga gainditu gabe, ikasleko eta ikastaroko. Laguntza hauek jaso ahal izateko ezinbestekoa da udalerrian erroldatuta egotea, eskaini diren orduen %85a betetzea eta maila gainditzea. Nolanahi ere, begiraleek eta Muskizko Udalean erregistratuta dagoen kirol edo kultura elkarteren bateko kide direnek matrikularen % 75 jaso ahalko dute, 300 euroko muga gainditu gabe.
Elebitasun aktiboaren irizpideei jarraiki, euskarazko toldo edo errotuluren bat instalatu duten Muskizko ostalaritza eta merkataritza saltokiek diru-laguntza hauek jaso ahal izango dituzte. Elementu bakoitzeko, gehienez, %50a jaso ahalko da, betiere 360 eurotik pasa gabe, errotulu edo toldoak euskara hutsez baldin badaude. Diru-laguntzaren zenbatekoaren %30a izango da testua bi eletan dagoen kasuetan, hori bai, euskara era batera edo bestera lehenetsi beharko da.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.