viernes, 8 de diciembre de 2017

Gero eta gehiago dira Bizkaian tiketa ematen duten saltokiak

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina berri bat abiatu du merkataritza, ostalaritza edo kontsumitzaileei zerbitzu ezberdinak eskaintzen dizkieten saltokietan faktura sinplifikatuak edo tiketak sasoiz ete artez ematen direla egiaztatzeko, horiek betebehar hori dutelako. Asmo horrekin, ikuskatzaileak bidali ditu, mota guztietako 90 gune bisitatzera. Eta, egiaztatu dutenaren arabera, gero eta gehiago dira betebehar horri egoki erantzuten diotenak, tiketa euren borondatez ematen dutenak.
Halaber, kanpainatik kanpainara salmenta erregistratzen ez dutenen edo tiketa akatsekin ematen dutenen kopurua beheraka ari dela antzeman dute. Izan ere, 2015eko martxoan egindako lehen kanpainatik faktura momentuan bertan eta behar bezala ematen duten saltokien kopurua lau aldiz handitu da
Badago zer hobetu, dena den. Azken kanpainaren emaitza bezala, Foru Ogasunak 29 saltokiri jarri die isuna. Horietako 13k, gainera, salmentak makina erregistratzaileetan erregistratu ere ez zituzten egiten. Isunak jarri zaizkie, baita ere, tiketik ematen ez zutenei edo tiketak akats larriekin ematen zituztenei. Besteak beste, IFZ, data edo faktura zenbakia jartzen ez zutenei. Isunak 600 eurokoak dira, eta %30eko murrizketa egin ohi da alde bien arteko adostasuna egonez gero. Aldi berean, beste 18 saltokiri ohartarazpena egin zaie tiketak irregulartasun arinekin emateagatik.
Kontroleko kanpaina hauen helburua, Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, zerga betebeharra betetzean irregulartasunak antzemateaz gain, herritarrak tiketaren garrantziaz kontzientziatzea da. Egindako salmentak zuzen ez erregistratzea iruzur fiskala egiteko lehenengo urratsa da iturrion arabera, horren helburua azken batean ogasun publikoari diru-sarrerak ezkutatzea delako.
Ildo horretatik jarraituta, Bizkaiko Foru Ogasuna beste administrazio batzuekin batera, salmenta puntuen terminalak telematikoki kontrolatzeko sistema bat ari da garatzen. Sistema hori 2019an ezartzea aurreikusi da eta, horrela, Foru Ogasunak automatikoki jasoko du kontsumitzaileek zerbitzuak eskaintzen dizkieten saltokietako, ostalaritzako eta bestelako guneetako kutxa erregistratzaileetan sartutako informazioa.
Kontroleko kanpaina gauzatu duten ikuskatzaileek merkataritza alor ezberdin askotako saltokiak bisitatu dituzte. Honakoak, besteak beste: elektronika, burdindegiak, informatika, farmaziak, parafarmaziak, margoak, okindegiak, harategiak, aldizkari dendak, frutategiak, ehun-konponketak, dietetika, produktu ekologikoak, belar dendak, ostalaritza, gozotegiak, bazarrak, loradendak eta fauna, material elektrikoa, liburu dendak, papergintza eta kopistegiak, sarraila dendak, ile apaindegirako hornikuntza, maskota dendak, bitxi dendak, mertzeriak, erloju dendak, estetika saltokiak, estetika zentroak, zapata konpontzaileak, albaitaritza klinikak, ibilgailuen garbiketak, lokutorioak edo-ta diru bidalketarako guneak. 90 saltokiok Bizkaiko 17 udalerritakoak izan dira: Amorebieta-Etxano, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Berriz, Bilbo, Durango, Erandio, Ermua, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zalla, hain zuzen.

Saltokiek tiketa emateko betebeharra dute.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes