martes, 26 de diciembre de 2017

Gazteek eta gazteentzat egindako zortzi proiektu berritzaile finantzatuko ditu Aldundiak

Bizkaiko Foru Aldundiak irabazi asmorik gabeko zortzi gizarte-erakundek garatutako beste horrenbeste proiektu berritzaile babestuko ditu diruz. Egitasmoak 15 eta 29 urte bitarteko gazteek egindakoak edo/eta adin tarte horietakoei zuzendutakoak izango dira, eta Foru Erakundeak datorren urtera arte 100.000 euro inbertituko ditu horiek garatzen laguntzeko. Laguntzak jasoko dituztenak Welcome Innovation, Asociación Inteligencia Social, Prevención y Gestión de Conflictos, Topagunea, Kiribil Sarea, Solidarters Fundazioa, Matiz, EDE eta Gizarteka dira.
Gazteriaren arloko proiektu berritzaileak diruz laguntzeko lerro hau iaz jarri zen abian, eta emaitzak onak izan direnez berriz deitu da aurten. Baina bada berrikuntza bat: 2017 eta 2018 ekitaldietan zehar egin ahal izango direla. 'Gaztedi Bizkaia 2020' da berton gazteria politikak koordinatzeko Aldundiak duen estrategia, eta horren baitan sartzen dira laguntzok.
Googaz-Welcome Innovation gazteek egindako proiektua da, eta ekintzailetzan aritzeko motibazioa eragitea du helburu. Gazteak euren herrietako jardueretan inplikatzea eta toki-mailako aldaketetan parte hartzen duten eragileak izatea lortu nahi da. Horretarako, Gazte Boloak antolatzen dira, udalerri ezberdinetan negozio-ideiak dituzten gazteen topaketak alegia. Asociación Inteligencia Social, Prevención y Gestión de Conflictos deritzana, aldiz, desgaitasun intelekuala duten edo gabeko 20 eta 29 urte bitarteko pertsonak biltzeko espazioa da, lan munduan eta etorkizunean izango dituzten postuetan maneiatzeko zailak zaizkien egoeren inguruan sakontzeko. Horrela, horiek lan munduan aritzeko gaitasunak indartu nahi dira.
Topagune, berriz, gazteen sormen artistikoa eta sorkuntza lanak euskarazko testuingurutik gizarteratu eta sustatzeko programa da. Hainbat ekintza antolatzen ditu, tailer ludikoak, gazte sortzaileen plataforma, Kameroia izeneko ikus-entzunezko lehiaketa edo Benito Ansola Saria, esaterako. Bestalde, Solidarters Fundazioa gizartean baztertuta egoteko arriskuan dauden testuinguruetan partaidetza sustatzeko helburua duen taldea da. Horretarako, disziplina artistiko ezberdinetan prestakuntza jaso duten gazteek parte hartu ahal izango dute proiektuan, beste batzuekin denbora eta ezagutza partekatzeko eta kultura arloko jardueretan elkarrekin aritzeko.
Matiz proiektuak bi lan ildo planteatzen ditu. Batetik, 'equAPPeal' aplikazio abiarazi eta optimizatzeko lehen prozesuari ekingo zaio, gazteen artean sexu berdintasuna bultzatzeko. Bestetik, izaera ludikoa duen ikasmateriala diseinatu nahi da, sexu aniztasuna lantzeko. EDE, ostera, hezkuntza ez formala, bolondres jarduna eta etorkinen edo/eta errefuxiatuen gizarteratzea uztartzen dituen zirkuituaren bidez jardunbide onak trukatzekoa da.
Azkenik, Gizarteka Berangon garatzen den proiektua da, lehen zaharren egoitza izandako eta orain birgaituta dagoen eraikinean hain zuzen. Han, 30 urtetik beherako gazteei ekintzailetza-ideia bat garatzeko aukera ematen zaie, espazio egoki batean, erkidegoaren zerbitzurako gizarte proiektuak sortuz.

Finantzatuko diren zortzi egitasmoek 100.000 euro jasoko dituzte orotara.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes