Eusko Jaurlaritzak Euskararen Agenda Estrategikoa onartu du 2017-2020 epealdirako eta, horren bitartez, legealdia amaitu bitarteko hizkuntza politikaren lan-ildoak zein helburu estrategikoak zehaztu ditu. Dokumentuan bederatzi xede estrategiko finkatu dira, beti ere euskararen ezagutza areagotzen jarraitzeko, erabilera sustatzeko, hizkuntza eskubideen bermean sakontzeko eta euskararen lurraldeen arteko harremanak sendotzeko. Helburu horiek neurgarriak dira eta epealdia bukatzean zehaztuko da izan duten betetze maila.
Konpromiso bakoitzak alde ezberdinak ditu eta zehaztasun handiz landu dira. Hala, batetik euskal herritarren euskara-gaitasuna handitu gura da, 2020rako 25 urtetik beherako gazteen %75 euskal hiztun izateraino. Hiztun berrien kopurua ere handitu nahi da, legealdia amaitutakoan 788.100 euskaldun biltzeko. Arlo honetan, azkenik, herritarrek euskara ziurtagiriak lortzeko sistema hobetu nahi da.
Euskararen transmisioa ugaritzeko, bestalde, epealdiaren amaieran etxean %22,5era heltzea da xede, eta etxetik kanpo ere hobetzea. Euskararen erabilera eta kalitatea handitzeari buruz, etxean %21aren gainetik jarri nahi da 2020an, eta lagunartean %23aren langa gainditzea. Hezkuntza arautuan Lehen Mailako Hezkuntzako 4.ean %61,4tik gora eraman nahi da, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2.ean, %44,7tik gora. Lankideekin, ostera, %28ra ailegatzea da helburua; eta aisialdi arloan, ingurune digitalean, sare sozialetan zehazki, %19,5etik gora jartzea, eta kirolean, kulturan eta hedabideetan jauzia ematea.
Erakunde publikoetan eta pribatuetan euskararen erabilera handitzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak. Zehazki, euskara zerbitzu eta lan-hizkuntza izatea administrazioan, eta arreta jaso ahal izatea %100ean bermatzea. Gainera, Jaurlaritzaren mendeko sozietate publikoetan %54era heldu nahi da, eta lan munduan aurrera egitea —Bikain ziurtagiria lortzen duten enpresa berriak 40 izatea; aurten 35 izan baitira—.
Herritarren hizkuntza eskubideen babesa bermatzeko, konponbidea izan duten Elebideko intzidentzia kopurua handitu nahi da, 2020an guztien %92k konponbide egokia izan dezaten. Halaber, herritarren hizkuntza eskubideen kontzientzia maila igotzeko asmoa dago. Euskara biziberritzeko ezagutzaren garapenean eta berrikuntzan ere sakondu nahi da. Eta euskararen corpusa garatuko da: 2020rako, 83 hiztegi terminologiko eta Euskalterm-en, 140.000 kontsulta. Halaber, euskararen azterketa soziolinguistikoa egingo da, eta arnasguneei eta eremu funtzionalei buruzko azterketak ugarituko dira.
Hizkuntza bizikidetzan oinarritzen den gizarte aktibazioa indartzeari dagokionez, euskararen eta hizkuntza politikaren inguruko adostasuna lortzea izango da xedeetako bat. Baita euskararen unibertsoa eta bizipena gizarte osoan duintzea, hizkuntza bizikidetzarako portaera berritzaileak sustatzea eta euskararekiko atxikimendua eta hizkuntzen arteko harremanak sendotzea ere.
Azkenik, euskararen lurraldeko eragile publikoekin eta pribatuekin lankidetza berritu eta ugarituko da, eta euskararen nazioartekotzeari eta eleaniztasunaren aldeko konpromisoari jarraipena egiteko ekintza kopuruak gora joko du.
![]() |
2017-2020rako Euskararen Agenda Estrategiko berriak helburu neurgarriak izango ditu. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.