Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da, 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak hala erabaki zutenetik. Ez zen, baina, bat-bateko burutazioa izan, 1949an Eusko Ikaskuntzak ezarri baitzuen Frantzisko Xabierkoarena Euskararen Egun modura. Aurten ekitaldi instituzionala Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo da, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko buruaren eta Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaldi eta guzti. Ekitaldian euskarak orain arte egindako bidea jorratuko da eta etorkizuneko erronkak finkatuko dira. Iker Galartza eta Aitziber Garmendia aktoreek euskarari buruzko hainbat pasadizo taularatuko dituzte, eta euskalgintza arloan herriz herri eta plazarik plaza egiten den lana erakutsiko dute.
Asteon Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu dute, euskara bultzatzeko. Bide horretan ezinbestekotzat jo dute euskaldunak aktibatzea, euskara egunerokoan erabil dezaten. Hala, hizkuntzari bultzada berri bat emateko gakoak bi direla azpimarratu dute: erakundeek elkarlanean jarraitzea euskara bultzatzeko eta euskaldunek euskara erabiltzea. Iaz 'Zer egin dezaket nik euskararen alde?' izenekoa onartu ostean, aurten 'Euskara azolan' deritzana plazaratu dute, ardatz gisa erakundeen eta eragile sozialen arteko lankidetza hartuta.
Agirian bi kontzeptu nabarmendu dira, ilusioa eta elkarlana. Helburua euskararen lurralde eta esparru juridiko guztietan ahalik eta modu bateratuenean euskararen etorkizuna bermatzea da. Ardatza erabilera da. "Erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu langintza nagusi, ezagutza handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. Mingainak dantza jartzeko premia dugu", dio idatziak. Bide horretan, ohiturak aldatzeko "euskararen aldeko gehiengo soziala" aktibatzea proposatzen da, "euskararen lurralde guztietako administrazioak zein herri ekimena". "Ideien konfrontazioari uko egin gabe, irtenbideak adostuz, bakoitzaren eginkizun eta erantzunkizunekiko errespetuz" ekitearen alde egiten du adierazpenak, beti ere "elkarrenganako leialtasunez, eta denok norabide berean bultzatuz". Izan ere, "bakarka ezinezkoa da. Auzolanean, guztiz ilusionagarria".
Erabilerari dagokiona aspalditxoko aipamena da honelakoetan. Izan ere, azken hamarkadotan ezagutzak nabarmen hobera egin duen arren, ez da maila berekoa erabileraren hazkundea. Eta hori erabakigarria da euskarak benetako elebitasunak emango liokeen estatusa lor dezan, gizarteko esparru guztietan egon dadin. Horregatik jo nahi da gizartera, aktibazio hori eskatzera. Azken finean, herritar bakoitzak erabakitzen du euskararen etorkizuna bere eguneroko jardunaren bitartez. Horren jakitun dira erakundeak eta eragile sozialak eta kontzientziazio zeregin horretan sakondu gura dute Euskararen Nazioarteko Egunean.
![]() |
1995ean insituzionalizatu zen Euskararen Nazioarteko Eguna, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskaltzaindiaren eskutik. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.