jueves, 14 de diciembre de 2017

Ehunka lagun bilduko ditu Berbaguneak Azkuna Zentroan

'Euskaraz hitz egitea, euskara euskaraz partekatzea' izangi da abenduaren 14 honetan Bilboko Azkuna Zentroan seigarren urtez egindako Berbagunearen goiburu eta helburua. Jada euskaraz jakin eta hitz egiten dutenen eta euskara ikasten ari direnen arteko topagunea da honakoa, euskaraz giro lasaian berba egiteko sortutakoa. Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira antolatzaile nagusiak, hiriburuko euskaltegien sarearekin batera. Guztiek euskararen erabilera bultzatu eta sustatu gura dute, esparru guztietan euskara erabil dadin errazteko.
Hala, Berbaguneak euskara kalera eraman nahi du, benetako gizarte elebiduna ahalbidetzeko euskararen erabilera ohiko bihurtzearen garrantziaz ohartuta. Mahai baten inguruan bilduta ekingo diote parte hartzaileek egun osoan zehar, adin eta maila guztietako pertsonak orotariko gaien inguruan hitz egiten jarrita: kulturaz, kirolaz, aisialdiaz, sare sozialez eta teknologiaz, aktualitateaz... Bilbon euskarak gora egin du azken hamarkadotan eta joera horri eustea eta berori bizkortzea da antolatzaileen asmoa.
Berbaguneak euskaraz ulertzeko eta berba egiteko gai diren hainbat lagun bilduko ditu, kezka bera dutenekin hizketan, giro atseginean. Horretarako, euskaldun zaharrak eta berriak arituko dira hitz eta pitz, goizeko 9:30etatik 19:30etara, hainbat elkarrizketatan parte hartuz. Jarduera egun osokoa izan ohi da, Azkuna Zentroko atrio ederrean. Guztira mila lagunetik gora hurbiltzen dira bertara, lau txandatan banatuta. Lehenengoa 9:30etatik 11:00etara artekoa izango da, bigarrena 11:00etatik 12:30etara bitartekoa, hirugarrena 12:30etatik 14:00etara bitartekoa eta azkena 16:00etatik 19:30etara arte luzatuko dena. Lehenengo txanda bietan batxilergoko eta DBHko laugarren mailako ikasleak ariko dira, Bilboko zenbait ikastetxetakoek ere bertan egon nahi izaten dutelako. Ordutegi horretan hiriburuko euskaltegietan euskara ikasten dabiltzanak batuko zaizkie.
Txanda bakoitzean hainbat talde antolatzen dira. Talde bakoitzean sei pertsona egoten dira urtero, aurretik jarritako gai bati buruz hizketan. Hogei minutu iraganda, egondako mahaitik jaiki eta beste batera joaten dira parte hartzaileak, beste gai bati buruz jarduteko. Txanda bakoitzean birritan aldatzen dira mahai batetik bestera. Horretarako solaskide bakoitzak triptiko bat jasotzen du, hizketagai izango diren gaiekin. Mahai bakoitzean pertsona bat egoten da gaia proposatu eta dinamizatzeko. Xedea modu atsegin, lasai eta gogotsuan euskaraz denetariko gaien inguruan mintzatzea da.
Ekimena herritar guztientzat egoten da zabalik, euskaraz dakitenen edo ikasten ari direnen partaidetza asko eskertzen baita. Ekitaldia doakoa da urtero, eta eskatzen den baldintza bakarra euskaraz berba egin nahi izatea da. Aurreko urteetan sekulako arrakasta lortu du ekimenak, eta iaz 1.600 lagun inguru bildu ziren. Ezagutzaren arloan hainbat urrats egin ondoren, erabilerarena da erronka nagusia benetako elebitasuna lortzeko bidean, eta horregatik nabarmentzen da honakoan behar hori, bakoitzaren maila alde batera utzita euskara mingainetara eramatearen garrantzia.

Euskaraz berba egin nahi duten guztiek hitzordua dute Azkuna Zentroan abenduaren 14 honetan

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes