jueves, 30 de noviembre de 2017

Lauaxeta Sariak banatu dira, enpresei begira

Lan munduan euskararen erabilera gehitzeari ekin dioten Bizkaiko bost enpresak jaso dute astearte honetan Ohorezko Lauaxeta Saria Unai Rementeria Ahaldun Nagusiaren eskutik. EIKA, Batz, Maier eta Cikautxo elkarte kooperatiboei eta Industria de Turbo Propulsores ITP sozietate anonimoari eman zaizkio, zehazki. Poesiaren atalean saritua Amaia Iturbide Mendinueta izan da, eta ikus-entzunezkoetan, aldiz, Iban Gonzákez Pagalday. Honela mintzatu zaie irabazleei Rementeria banaketa ekitaldian: "Balio erantsia eskaintzen dauen industria eta enpresa barritzaileak eta modernoak ditugu. Eta euskara erabiltzeak ere balio erantsia emoten deutso zuen egitekoari. Kalitatea eta lehiakortasunean irabazia emoten dauela uste dot, zinez. Euskarak gehitu egiten dauela esan nahi dot. Bere hizkuntza zaintzen dauen enpresa bat, arima dauen enpresa bat da. Eta, hori, mundu globalizatu honetan gero eta estimatuagoa da".
Nahiz eta asko diren Bizkaian euskararen aldeko apustu sendoa egin duten denetariko enpresa eta lantegiak, horietako bost saritu ditu honakoan Aldundiak, euren ibilbidea beste askorentzat eredugarri izan daitekeelakoan. Sari honen bitartez, Aldundiak euskararen geroa bermatzeko hain funtsezkoa den lan arloan hizkuntzaren aldeko ekimenetan aitzindari eta eredu izateaz gainera, benetan euskararen aldeko apustuari eusten diotenak saritu gura izan ditu. Ildo horretatik, Ahaldun Nagusiak konpromiso publikoa hartu du euskararen bizi indarra sendotzen jarraitzeko. Abenduaren 3an, urtero legez, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta horren haritik banatu dira sariok ere.
Enpresez gain, poesiaren eta ikus-entzunezkoen arloetan izan da irabazlerik. Lehenengoan, 35 urtetik gorakoen Lauaxeta Saria 'Dorrearen eta penduluaren arteko ituna' poema bildumaren egile Amaia Iturbidek jaso du. Eta bigarrena, aldiz, 'Ama nora goaz' ikus-entzunezkoaren zuzendari Iban Gonzálezek. Sarion eskutik, euskara eta euskal kultura sustatu, zabaldu eta normaltzeko nabarmendu diren pertsonak, taldeak eta erakundeak publikoki aintzatesten dira.
Ikus-entzunezkoari dagokionez, epaimahaiaren berbetan, 'Ama nora goaz' kontatu beharreko istorioa da, gerra oso gutxitan kontatu delako emakumeen ikuspuntu eta bizipenik. Ederto uztartzen ditu plano erreala eta sinbolikoa, oroimen kolektiboak ahanzturaren aurka daukan ahalmena azpimarratu eta, era berean, sentipenei lehentasuna ematen dielako, bai begiraden indarra agerira ekarriz eta baita dantza sentipen horien metafora legez erabiliz.
Poema liburuari buruz, ostera, sinbologia sendoaz eraturiko bere kode propioa duela azpimarratu dute epaimahaia osatu dutenek. Bere-bereak dituen irudi eta ezinegonen ondotik, atalkako begirada zatikatua nabarmentzen ei da bere mundua bereganatzeko eran: atzean utzitako lorratzak, gauzek nornabakoan landuriko zantzuak, paisaia urrunak zein hurbilak eta garaikideak. Atal guztiak dotorezia handiz elkartzen ditu egileak, puzzle edo mosaiko modura, beti arteari eta mitologiari loturiko aipamenak alde batera utzi barik.

Lauaxeta Sarien aurtengo irabazleak, Bizkaiko Foru Aldundiko agintariekin. (Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes