Trenbide pasaguneetako segurtasuna hobetzeko mundu osoan aitzindaria den teknologia ari da ezartzen Euskadiko tren sarean. Begicrossing deritzan sistema hau Dominion taldeko Begirale Controlling Risk estartup-ak diseinatu du, eta ikusmen eta adimen artifizialeko teknologien erabileran oinarritzen da. Trenbide pasaguneetan egon daitezkeen arazo zein arriskuak goiz antzematen ditu, igarobideko oztopoak identifikatuz edo trenbide pasaguneko azpiegiturako segurtasun elementuren bateko akatsez jabetuz, esaterako.
Begicrossing sistema euskal trenbide sarean instalatzeak enpresa proiektu horren inguruan sortutako aurreikuspen "bikainak" baiesten ditu, Eusko Jaurlaritzaren ustez. Halaber, euskal enpresa egituraren garapenean beste urrats bat da, bereziki ikuspegi teknologikoari eta I+Gari dagokienean. Euskal administrazioko erakundeen laguntzari esker, egitasmoa Euskadiko lankidetza publiko-pribatuaren beste ale emankor bat bilakatu da.
2018ko ekitaldian Euskotrenek ustiatzen duen sareko beste sei trenbide pasagunetan ezarriko da sistema hau: 2 Gernika-Lumon (Gurutze Gorriaren egoitza parean eta Ibarrean), Usurbilen (Aginagan), Errenterian eta bana Irun/Hendaian. Orain arte, beste horrenbestetan dago jada: Amorebietan (2), Asua-Erandion, Berrizen, Muxikan eta Gernika-Lumon. Hauek trenbide bakarreko pasagunean dira, hesi bidezko babes sistema dutenak.
Honakoa segurtasuna hobetzen laguntzeko diseinatutakoa da, arriskuak, kalteak edo, txarrenean, istripuak sor ditzaketen egoerak garaiz identifikatzeko balio duena, trena errepideetako ibilgailuekin eta oinezkoekin batera elkarrekin ari den guneetan. Teknologia hainbat hilabetez probatu da, Urbiko trenbide pasagunean (Basaurin). Horietan Euskal Trenbide Sareak funtsezko lana egin du sistemaren garapenerako eta azken balioztapenerako.
Egun, aginte postuari jakinarazteaz gain, lanean ari dira teknologia hau trenbide pasaguneetatik gertu instalatuta dauden seinaleztapen sistemekin —argizko seinaleak eta zarata bidezkoak— lotzeko, gidariek alertak berehala jaso ditzaten. Arrisku egoeretan, aginte postutik jasotako ohartarazpenez gain, teknologiak gidariari zuzenean jazotzen ari dena jakinarazteko aukera emango du. Nazioarte mailan aitzindaria izanik, hainbat herrialdetako trenbide azpiegitura kudeatzaileen interesekoa da. Denbora errealean egiten du lan, eta jarduerarako denbora eta gerta daitekeenaren ondorioak asko murrizten ditu.
Begirale Controlling Risk 2013an sortu zen, Dominion euskal enpresak bultzatuta. Sortuz geroztik, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituren sailaren laguntza izan du, SPRIren ekintzaile programaren bidez. Gainera, Vicomtech fundazioaren laguntza ere badu.
![]() |
Sistema hau sei puntutan ezarri da jada, eta beste horrenbestetara zabalduko da 2018an. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.