Euskaraldia izeneko egitasmoa aurkeztu berri dute, euskaraz hitz egiteko gai diren herritarrei zuzendutakoa. Hamaika egunetan zehar euren ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbidapena egingo zaie horiei, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko. Azaroaren 23an egin da aurkezpena, eta ez kasualitatez. Izan ere, urtebete barru, egun horretan abiatuko da euskararen lurralde osoan aldi berean egingo den aktibazio ekimen handia, abenduaren 3ra bitartean —Euskararen Nazioarteko Egunera arte, alegia— hizkuntza ohiturak astintzeko xedez. Lehen Euskaraldia '11 egun euskaraz' lelopean egingo da eta euskararen lurralde guztietako erakundeak zein hainbat eragile biltzen ditu.
Euskaraldiarentzat elkarlana funtsezkoa dela azpimarratu dute bultzatzaileek. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren berbetan, "erakundeetatik lan egin behar dugu erabilera erraztu dezaketen baldintzak sortzeko; izan ere, hainbat ingurune zailagoak dira oraindik euskara erabili ahal izateko. Proiektu hau eraginkorra izango da bide horretan".
Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten 'Euskarak 365 egun' lan ildoaren baitan kokatzen da, eta bi mugarri ditu. Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta euren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da ekimenaren heburua. Bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura norbanakoen eta entitateen artean partekatua denez, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea bilatuko da.
Aktibazioa martxan jartzearen pareko da, eta horretarako 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi dira. 'Ahobizi' ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira —baita ezezagunei ere, lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak—; eta 'Belarriprest' gutxienez euskara ulertzen dutenak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbitea luzatzen dietenak.
Ekimena Euskal Herri osora zabalduko den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da. Herri eta entitateek 2018ko lehen hiruhilekoan eman ahal izango dute izena eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek datorren urteko Euskaraldian.
Une honetan, 40 herritik gora, zenbait hiriburu tarteko, datorren urteko Euskaraldiaren antolaketan murgilduta daude, eta datorren urtearen hasierarako eskualde gehiagotara heltzea espero da. Herritarrek udazkenean izango dute Euskaraldian izena emateko aukera, irailean zehazki, eta Ahobizi zein Belarriprest modura aritu ahal izango dira, ikur eta guzti.
![]() |
Datorren urteko azaroaren 23an abiatuko da Euskaraldia. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.