sábado, 18 de noviembre de 2017

Euskal Kirolari, euskara kirolean sustatzeko ekimen berritzailea

Euskal Kirolari deritzan egitasmoa aurkeztu berri dute, kirol munduan euskara sustatzea helburu duena. Batik bat gazteei eragin nahi die, eremu digitalean era sare sozialetan garatuta. Horretarako punta-puntako kirolariak baliatu ditu 'amu' modura. Horiek zenbait bideo grabatu dituzte euskararekin duten harremana azaltzeko edota euren kirolari loturiko euskarazko terminologia argitzeko. Grabaketak informalak dira, eta era dinamikoan landuak, kirol federazioetan, klubetan edo ikastegietan zabaltzeko, euskararen erabilera sustatzeko tresna berritzaile bat eskaintze aldera.
Proiektuaren estraineko edizioa bost bideok osatzen dute eta zazpi kirolarik parte hartu dute horietan. Hala, Mikel Landak txirrindularitzaren euskal hiztegia menperatzen duela erakutsi du, eta berdintsu Julen Goia errugbilariak. San Juan Koxtape Arraun Elkarteko patroi Nerea Pérezek berean dioenez, euskara hizkuntza nagusia izaten da irailean Kontxan nagusi izandako traineruan. Iñigo Martínez Realeko jokalari ondarrutarrak, aldiz, euskara txuri-urdinen aldagelan sasoi betean dagoela dio bere bideoan. Bere herriko Kepa Arrizabalagarekin batera agertzen da, eta atezainak lehoien arteko euskararen erabilerari buruzko konturen bat azaltzen du bere txandan. Azkenik, Aritz Aranburu surflariak eta eskubaloi jokalari izandako Matxalen Ziarsolok euskarari buruz eta olatuekiko duten zaletasunaz hitz egiten dute. Elkarrizketetako arduraduna Gaztea irratiko Egoiz txurruka 'Txurru' esataria izan da.
Egitasmo honen xedea kirolaren erreferentziazko pertsonak euskaraz bizitzearen alde egin duten apustua azaltzen agertzea da. Horrekin batera, kirol diziplina ezberdinei loturiko terminologia azaldu eta hedatu gura da, gazteen artean batik bat. Hori lortzekotan, proiektu honen hedapena bilatuko da klubetan, kirol federazioetan edota ikastegietan. Horrekin batera, ekimenaren bidez beste bultzada bat eman nahi zaio Eusko Jaurlaritzak, Elhuyar-ekin batera, garatutako hiztegi terminologikoei, horietako batzuk kirol zehatzei buruzkoak direnez gero.
Kirolari ezagunekin egindako bideo hauek formatu ezberdinetan landu dira, helburuen arabera. 'Pilulak' batetik, azalpen praktikoak kirol diziplina ezberdinen inguruan; 'gerturik' izenekoak, kirolariak hurbiletik ezagutzekoak; 'erronka', kirolariak elkarren arteko lehian jartzeko; eta 'autoan' 'Txurru' kirolarien autoan sartu eta horiekin gai ezberdinei buruz jardunean aritzeko.
Lehenengo bost bideoak 2017ko azken asteotan zabalduko dira, eta 2018ko lehenetan. Proiektuak jarraipena izango du datorren urtean, protagonista berriekin. Bideo hauek Euskal Kirolariren YouTubeko kanalean ikusi ahal izango dira, eta honen inguruan sortutako sare sozialetan (Facebook zein Instagramen). Horrez gain, bi webgunetan ere izango dira: www.euskalkirolari.euskadi.eus eta http://www.euskadi.eus/euskalkirolari helbidea dutenetan.

Euskal Kirolari izeneko egitasmoa osatzen duten bideoetan kirolari ezagunek euskararekiko duten harremana azaltzen dute.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes