jueves, 19 de octubre de 2017

Jaurlaritzak eta Wikilarien Elkarteak egitasmo berritzailea abiatu dute

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko hitzarmena sinatu dute. Hala, euskarazko Wikipediaren sustapen lanetan dabiltzan lagunek proiektu zehatz bat garatuko dute, 12-16 urte bitarteko ikasleentzat baliagarri izan daitezkeen mila artikulu baino gehiago ezagutarazteko. Prozedura zehatz eta landua baliatuta garatuko da egitasmoa, auzolan erraldoi bat sustatuz unibertsitateekin, kultura eragileekin edota Lanbide Heziketako zein Batxilergoko ikasleekin bat eginda. Jaurlaritzak 200.000 mila euro jarriko ditu urtero hiru urteko proiektu honetan, egitasmo estrategikotzat duelako euskara ingurune digitalean eta gazteen artean sustatzeko konpromisoari jarraiki.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. Orain dela 16 urte sortu zen, eta munduko 300 hizkuntzatan argitaratzen da. Euskarak ere badu bere lekua horien artean, jakina, eta ez nolanahikoa gainera. Izan ere, artikulu kopuruari dagokionez, munduko 31. hizkuntza da. Gainera, ikasleak dira hauen irakurle fidelenak eta ezinbesteko tresna bilakatu zaie. Ondorioz, Zupiriaren berbetan, "euskarazko Wikipediaren kalitatea hobetzen lagundu" gura da honako egitasmoaren eskutik.
Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak landuko duen egitasmoaren izena 'Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat' da, kalitatea baitu ezaugarri bereizgarri modura. Beronen jatorrian Wikipedia guztiek eduki beharreko 'mila artikuluen zerrenda' eta nazioarteko antzeko ekimenen eragina dago, baina honakoan moldatu egin da adin-tarte zehatz bateko ikasleentzat interesekoak diren gaiak txertatzeko.
Izan ere, Euskararen Aholku Batzordeko Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) inguruko batzorde-atalak euskarazko Wikipedia indartzeko premia ikusi zuen. Ez da harritzekoa, bisita-kopuruen inguruko grafikoek erakusten baitute ikasturtean zehar ikasleek sortzen duten trafikoa, eta baita gai zehatz batzuen nagusitasuna ere. Dauden gabeziez jakitun, Euskal Wikilarien Kultura Elkartea ate ezberdinak joka hasi zen proiektua ahalik eta egokien kudeatzeko.
Horri begirako lehenengo urratsa Curriculum dekretua hartzea izan zen, honek zehazten duelako derrigorrezko eskolaldia bukatzerakoan jakin beharrekoa. Berritzegune Nagusiarekin dokumentu honen barruan agertzen diren kontzeptuak identifikatzea eta iragaztea izan zen hurrengo egitekoa. Eta hortik atera ziren ikasleen beharretarako ezinbestekotzat jotzen diren artikulu horiek. Xedea mila artikulu inguru lortzea zen, baina atal bakoitzean ikasten dena ikusita 1.600ek osatu zuten hasierako zerrenda. Prozesuan zehar gai gehiago sar litezke zerrendan eta, ematen duenez, mila artikulu egiteko helburu hori gainditu egingo da.
Euskarazko Wikipedia osoaren %0,5 baino ez dira aipatutako artikuluok, baina bisita guztien %7,3. Gaikako joeren grafikoek argi erakusten dute gai batzuen eta ikasleen eskola egunen arteko lotura. Hautatutako gaiak 15 esparru ezberdinekoak dira: matematikak, geografia eta historia, hizkuntzak, ekonomia ekintzailea, plastika eta ikus-entzunezkoak, biologia eta geologia, kultura zientifikoa, emakumea eta generoa, kultura klasikoa, musika, dantza eta antzerkia, fisika eta kimika, IKTak, literatura, filosofia eta gorputz-hezkuntza.

15 esparru ezberdineko gaiak aukeratu dituzte egitasmorako.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes