miércoles, 25 de octubre de 2017

Ertzainei euskara doan ikasteko aukera emango die Eusko Jaurlaritzak

Elebitasunerako bidean hainbat urrats egin ditu euskal gizarteak azken hamarkadotan. Aurreko mendearen azken laurdena hasterakoan amets zirudiena arlo askotan bete da, euskarari dagokion maila eskaintzeari buruzkoan esaterako. Baina badago zereginik, eta horretan dihardute eragile publiko zein pribatuek. Lehenek euren langileen euskalduntzea erraztu gura izan dute beti, eta hari horretatik tiraka Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Segurtasunekoak hitzarmen bat sinatu dute ertzainek euskara ikasteko erraztasun gehiago izan ditzaten. Akordio honi esker, kudeaketa-gomendio bat bultzatuko da eta honek euskara doan ikasteko aukera emango die ertzainei, horien lan orduetatik kanpo. Horretarako, 200.000 euro baliatuko dira ikasturterako.
Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aspalditik lagundu du euskararen irakaskuntza Ertzaintzaren barruan, baina estraineko aldia da honelako hitzarmen bat sinatzen dela Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren menpe dagoen HABErekin (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea). Estefanía Beltrán de Heredia sailburuak urrats honen garrantzia nabarmendu du, horri esker Departamenduan euskararen normalizazioa burutu asmoz zein Ertzaintzaren Euskara Planaren egitasmoetan aurrerapauso bat gehiago emango dela iritzita. HABErekin sinatu den elkarlan hau funtsezkoa izango dela uste du berak, euskara lantzen edo ikasten ari diren ertzainei babesa eta erraztasunak emate aldera.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailetik, ostera, Bingen Zupiria sailburuak egiten ari diren esfortzua azpimarratu du. Bere berbetan, "euskarara hurbildu direnek beti nabarmentzen dute esperientzia honek eman dien guztia: mundu berri bat irabazteko balio diela esan ohi dute. Hala ere, badakigu hizkuntza bat ikastea ez dela aldats behera izaten, eta albait erraztasun gehien eman nahi dizkiegu pausoa ematen dutenei". 
Prozedurari dagokionez, Segurtasun sailak deialdiak egingo ditu urtean zehar euskara ikasi nahi duten ertzainek eskaera egin dezaten, eta onartutakoen zerrenda osatuko da ostean, oinarrizko baldintzak betetzen dituztenena hain zuzen. Matrikula-orria emango zaie horiei, bakoitzak nahi duen euskaltegia eta ordutegia aukera dezan. Akordio honekin, onartutako ertzainek ez dute ezer ordainduko euskaltegietan. Izan ere, kudeaketa-gomendioari esker, matrikula eta irakaskuntzaren kostua Segurtasun Sailak ordainduko dizkio HABEri, honen prezio publikoak aintzat hartuta. HABEk, aldiz, diru-laguntzen deialdiaren bidez eta matrikulen fakturekin, dagokiona ordainduko dio euskaltegi bakoitzari.
Euskaltegietan zein autoikaskuntzarako zentro homologatuetan eskaintzen diren maila guztietan eman ahal izango dute izena ertzainek, matrikula-orrien bitartez. Guzti honetaz arduratzeko, jarraipen batzorde bat eratuko da, Giza Baliabideen Zuzendaritzako eta HABEko kideek osatutakoa. Bi sailen helburua datozen urteotan bide honekin jarraitzea da, Ertzaintzaren barruan euskara sustatzeko. 

Ertzaintzan euskara sustatzea da honako ekimen honen helburua.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes