viernes, 13 de octubre de 2017

Diru-bilketak goia jo du Bizkaian

Edozein erakunde publikorentzat urteko momentu garrantzitsuena aurrera begira izango dituen baliabideak zehazten direnekoa izan ohi da. Eta Bizkaian badago horri lotutako berri onik. Izan ere, Foru Aldundiak Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan ekitaldia ixterako aurreikuspena aurkeztu berri du, eta aurtengorako egindako aurrekontua %6,5 hobetu da, iazko bilketa baino %10,9 gehiagokoa izanda. Hala, 2017ko diru-bilketa 7,448,1 milioi eurokoa izan da, orain arteko gehieneko historikoa hain zuzen.
Zenbateko horrek duela urtebete ekitaldi osorako aurreikusitakoa gainditzen du, kopuru hori 6.990,8 milioi eurokoa baitzen. Kontzeptu nagusien artean, hazkundeak hauxek dira: %4 Pertsona Fisikoen gaineko Errenta Zergaren bilketan —iaz baino 101,5 milioi gehiago—, %12,4 —75 milioi— Sozietateen gaineko Zergan eta %2,7 zuzeneko zergapetzean —BEZ eta Bereziak, 76 milioi gehiago orotara—.
Euskal Autonomia Erkidego osoan diru-bilketaren aurreikuspena 14.391,3 milioi eurokoa dela kontuan hartuta, Bizkaiko Foru Ogasunak %51,6 bilduko du; Arabak %15,9 eta Gipuzkoak %32,4. Estatuarekin BEZ doikuntza kontzeptuan egiten diren ezohiko diru-sarreretan pisu garrantzitsua du itxiera aurreikuspen honek. Horiek aurreko maiatzaren 17ko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren erabakitik zintzilikatuta datoz. Diru-sarrera horiek kontabilizatu ezean, Bizkaiko diru-bilketa 7.144.2 milioi eurokoa litzateke. Datorren urterako diru-bilketaren aurreikuspena 7.430,3 milioi eurokoa da, aurtengo itxialdikoarekiko %0,2 gutxiago.
Bizkaiko Tributu Kontzertatuen 2018ko bilketaren aurreikuspenak %2,9an finkatu du PFEZgatiko diru-bilketaren hazkundea. Sozietateen gaineko Zergan, aldiz, %1eko hazkundea espero da, eta zuzeneko zergapetzean %5,1ekoa. Datorren urteko diru-bilketaren aurreikuspena egiteko kontuan hartu da Bizkaiak 1.100 milioi euro inguru ordainduko dizkiela Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiei BEZaren barneko doikuntzetan eta Zerga Berezietan.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzari egingo zaizkion ekarpenen kalkulurako Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak koefiziente horizontalak eguneratu ditu. Horiek zehazten dute foru aldundiek erakunde komunei egiten dizkieten ekarpenak. Ondorioz, kalkulu berriaren arabera, Bizkaiak ekarpen horien %50,37 egingo ditu. 2017an %50,66koa izan da eta, beraz, txikiagoa da kalkulu berriaren zenbatekoa. Arabak %16,44ko ekarpenak egingo ditu —aurrekoan %16,45ekoak egin ostean— eta Gipuzkoak %33,19koak —orain arte, %32,89—.
Finantzen Euskal Kontseiluko kideek Ekarpenen Lege berri baten proposamena onesteko konpromisoa hartu dute, gainera. Hala, lege berri horren proposamenaren oinarriak eskumenen analisia eta hiru erakunde-mailen finantzazioa izango dira. Proposamen hori 2018an zehar aurkeztu beharko da.
Azkenik, datorren urterako Doikuntza Funts Orokorraren behin-behineko ezarpena erabaki da. Orotara 125 milioi eurokoa izango da, eta Bizkaiak 18,9 milioi jarriko ditu. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuen Erakundeen Arteko Funtsari beste 20 milioi emango zaizkio.

Finantzen Euskal Kontseiluko kideek Ekarpen Lege berri baten proposamena onesteko konpromisoa hartu dute.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes