domingo, 1 de octubre de 2017

BiscayAPP lehiaketa, aplikazio mugikor onenaren bila

BiscayTIK fundazioaren, BEAZen eta Seed Capitalen laguntzarekin, Bizkaiko Foru Aldundia aplikazio mugikor onenaren bila dabil, BiscayAPP deritzan lehiaketaren bidez. Lau ardatz aukeratu dira horretarako, lurraldearentzat estrategikoak diren lau kategoriaren arabera: ile urdindunen ekonomia, data intelligence deitutakoa, energia eta manufaktura aukeratua. Horietako bakoitzean irabazle den aplikazioak 2.000 euroko saria jasoko du; eta, gainera, sari berezi bat izango da, BiscayAPP izenekoa, aurkeztuko diren aplikazio guztien arteko onena aukeratuko duena. Azken honen irabazleak 10.000 euroko saria eramango du, eta proiektua Bizkaian inkubatzeko laguntza ere.
Aplikazio irabazlea aukeratzeko zenbait irizpide finkatu dituzte antolatzaileek: diseinua, erabiltzailearen esperientzia, funtzionalitateak, bideragarritasun ekonomikoa eta soziala, merkaturatzeko aukerak, antzeko produktu batzuekiko berritasun maila, proposamenaren izaera berritzailea eta enpresa berriaren hazkunde potentziala.
Lehenago aipatutako lau ardatz horien arabera egingo da lehiaketa, horiek guztiak oso garrantzitsuak baitira Bizkaiarentzat. Ile urdindunen ekonomia izeneko mailari dagokionez, gizarteak dituen erronkei erantzuten dieten aplikazioei zuzendua dago; bereziki, silver economy edo ile urdindunen ekonomiari lotutakoei. Adinekoen sektoretik sortzen diren aukerak baliatu nahi dira honakoan. Data intelligence izenekoa, aldiz, etorkizuneko joera gisa garrantzi handia hartzen den eremua da. Datuek eskain ditzaketen balioari eta informazioari etekina ateratzeari buruzkoa da ardatz hau. Joera berri horri etekina ateratzea lortzen duten ekimenak sarituko dira, negozio aukera eta eredu berriak sortzeko balio dutenak hain zuzen ere.
Energiari dagokionean, eremu honetan etengabeko bilakaera ari da jazotzen. Hainbat joera sortu dira, berriztagarriak erabiltzea esaterako, iraunkortasunari lotutako dinamikak edo arauketan egindako aldaketak, eta horregatik aukera ugari dago maila honetan landu eta saritu nahi direnak. Manufaktura aurreratuari buruz, azkenik, Industria 4.0 kontzeptuari lotuta dago, honakoa daborduko eraldaketa eragiten ari delako automobilgintza eta industria aeroespaziala edo mekanikoa bezalako industriak biltzen dituen produkzio-sektoreen arloan.
Sariketarako hautagaitzak ikasturtean zehar aurkeztu ahal izango dira, hau da urriaren 2 honetatik datorren urteko ekainaren 30era arte. Nahiz eta lehiaketa ez den bakarrik unibertsitateko ikasleentzat, talde horrek interes potentzial handia izan dezake parte hartzeko, Aldundiaren ustez. BiscayAPP lehiaketaren edizio honetako beste berritasunetako bat nazioarte mailara begirako bokazioa da eta, ondorioz, zabalkunde lan handia egingo da mundu osoko ingurune profesionaletan zein akademikoetan.
2018ko irailean, hautatutako proiektuen berri emango da eta urrian, BiscayTIK fundazioak bere hamargarren urteurrena beteko duenean, saria zein aplikaziori eman erabakiko da. Lehiaketa honen lehen ediziora ehundik gora aplikazio aurkeztu ziren, maila handiko proiektuak, gehienak Bizkaikoak.

Saritutako proiektuak zeintzuk diren datorren urteko urrian emango da ezagutzera.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes