sábado, 7 de octubre de 2017

Balorazio oso ona eman diete erabiltzaileek Bizkaiko hondartzei

Amaitu da uda, eta hondartzara joateko aukera gehienak eraman ditu. Balantzea egiteko sasoia da, denboraldian zehar ondo egin direnak aintzat hartu eta gabeziak datorren urtera begira konpontzekoa. Horretan ari da Bizkaiko Foru Aldundia. Eta jakinarazi duenez, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak egiten duen inkestaren arabera, 10etik 7,85ekoa jaso dute hondartzek erabiltzaileen aldetik. Ondoen baloratzen direnak segurtasuna (8,68) eta, horren barruan, Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuen lana (9,66) dira.
Bizkaiko hondartzetara doazenen perfila honakoa da: 18 eta 45 urte bitartekoa, bertan lau ordu eta erdi ematen duenarena, itsasoan bainatzea gogoko duena, eta hondartza hurbiltasunagatik aukeratu ohi duena. Amaitu berri den denboraldian 2.443.533 pertsonak hartu duten lurraldeko hondartzetarako bidea. Iaz baino 667.592 gutxiago izan dira orotara. Eta zergatik? Batik bat egun eguzkitsu gutxiago izan direlako.
Ez dago 6,65etik beherako notarik lortzen duen hondartzarik, eta gehien baloratzen direnak Gorliz (9,18), Plentzia (8,87) eta Karraspio (8,59) dira. Hondartza seguruenak zeintzuk diren zehazterakoan, Gorliz (9,18), Arrigunaga (9,01) eta Aritzatxu (8,93) dira zerrendako buru. Bainurako segurtasunak 9,49 puntu lortu ditu eta hondartzainen eraginkortsunak, aldiz, 8,31.
Segurtasunaren ostean, hondartzetako garbiketa izan da gehien baloratzen den bigarren atala. Erabiltzaileen ustez, Aritzatxu, Laga eta Karraspio dira garbienak, 8,50, 8,46 eta 8,42 lortuta, hurrenez hurren. Dena den, gainerakoen artean ez dago 7tik behera geratzen denik. Gehien baloratutakoak honakoak dira: freskagarrien laten eta hondakin artifizialen garbiketa (8,93), kontserbazioa (8,04), hondartzako garbitasun orokorra (8,04) eta paperontziak eta edukiontziak eskura izatea (8,03).
Oso ondoko nota zerbitzuek eta ekipamenduek ere lortu dute. Hala, 7,31 jaso dute, eta horren gainetik geratu dira Aritzatxu (8,99), Isuntza (8,25) eta Gorliz (8). Megafoniaren argitasuna, sartzeko erraztasuna edo komumen garbiketa dira puntuaziorik handienak lortzen dituztenetakoak. Horrez gain, erabiltzaileek ontzat jo dute umeentzako eskumuturrak eskaintzeko zerbitzuari. Inkesta bete duten 10 pertsonatik 7k ezagutzen dute, eta 8,82 puntu eman diote. Zehazki, %38,2k 10 puntu eta %21,7k 9 puntu eman dizkiote.
Bestalde, hondartzetako hamar erabiltzailetik zazpik eraginkortzat jo dute surflariak eta bainulariak bereizteko banderen sistema eta ehuneko hori askoz ere nabarmenagoa da Laidan eta Gorlizen, %84,4 eta %82,4koa, hurrenez hurren.
Hondartzara joateko gehien erabiltzen den garraiobidea autoa da, %59,2k erabiltzen dutena, eta %19,6 baino ez doa oinez. Autoz doazenen portzentaia handienak Laga, Laida eta La Arenakoak dira; eta oinez doazenenak, aldiz, Aritzatxu, Arrigorri eta Isuntzakoak. Zer esanik ez dago horretan kokapena erabakigarria dela.
Erabiltzaile kopuru handieneko hondartzak La Arena (327.030), Ereaga (215.051), Arrietara-Atxabiribil (212.216), Laga (204.916) eta Gorliz (191.592) izan dira. Denboraldi osoan Bizkaiko 28 hondartzetan erabiltzaile gehieneko egunak uztailaren 16a (102.889 pertsona) eta abuztuaren 21a (97.839) izan dira.

Uztailaren 16a izan zen Bizkaiko hondartzetan jende gehien ibili zen eguna.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes