Arreta Goiztiarra arautzen duen Foru Dekretua onartu berri da Bizkaian eta horren bidez garapen arazoak dituzten 0 eta 6 urte bitarteko adingabeei baimendutako eta itundutako zentroetan emango zaie arreta, eta doakoa izango da familientzat. Arreta Goiztiarreko lehenengo ituna 3,6 milioi eurotan atera da eta lurraldeko 49 zentro daude atxikita. Hainbati eskainiko zaie zerbitzua horri esker, Bizkaian 1.600 umek jasotzen baitute Arreta Goiztiarra.
Bizkaia aitzindari da arlo honetan Estatu mailan, eta bertan sortutako arreta goiztiarreko ereduan osasun sistemako, hezkuntzako eta sistema sozialeko eragile ezberdinek modu koordinatuan lan egiten dute, arlo publikoa zein pribatua bilduta. 0 eta 6 urte bitarteko adingabeei zuzendutako Arreta Goiztiarra doako zerbitzu publikoa izango da eta Gizarte Ekintza Sailak erregistratu, baimendu eta itundutako sarean emango da.
49 zentrok osatzen dute Bizkaiko Arreta Goiztiarreko sare itundua. Itunaren pleguetan jasota daude hainbat bileraren emaitzen ondorioz sektoreak egin dituen ekarpenak. Gizarte Ekintzako Foru Sailak adingabeari preskribatutako tratamendua itunduko du. Arreta Goiztiarra diru-laguntza baten bidez ematen zen, familiek adingabeek jasotako preskribatutako tratamenduak ordaindu ahal izateko. Baina aurrerantzean, preskribatutako Arreta Goiztiarra doakoa izango da adingabeentzat eta horien familientzat.
Preskripzioa orain arte bezala egingo da, Bizkaiko Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldearen bitartez. Hori Bizkaiko Foru Aldundiaren barne dago, eta Osakidetza eta Hezkuntza sistema lankidetzan aritzen dira bertan. Azken horiek aztertuko dute orokorrean umearen egoera eta bere esku-hartze beharrak. Sei urtetik beherakoen balorazio guztiak, bai Arreta Goiztiarrekoak, baita Dependentzia edo Desgaitasun kasuak ere, premiazkotzat hartzen dira. Balorazioaren ondoren, arloka, intentsitateka eta iraupenka antolatuko dira Arreta Goiztiarreko tratamenduak, eta arreta horrekin hasteko umeen garapen zentroen berri emango zaie familiei. Adingabearen familiak zentro itundu guztien artean egokiena iruditzen zaiona aukeratu ahal izango du.
Funtzionatzeko modu berri honi esker, hilero familia bakoitzak egin beharreko izapideak sinplifikatuko dira, eta Arreta Goiztiarreko zentroak zuzenean bidaliko ditu Gizarte Ekintza Sailera ordainagiriak eta jarraipen txostenak. Informazio hori itundutako zentroen eta Foru Aldundiaren artean partekatuko da modu ohikoan. Aldundiak gaur egun Arreta Goiztiarreko preskripzioarekin zerbitzua jasotzen ari diren umeen familiei egindako aldaketen berri eman die. Horretarako, urriaren 23 eta 27 artean lau informazio saio egin dira Bilbon, Getxon, Barakaldon eta Durangon.
Arreta Goiztiarra 0 eta 6 urte bitarteko haurrei, familiari eta inguruneari zuzenduriko esku-hartzeen multzoa da. Helburua honakoa: arazoak dauzkaten haurrek euren garapenean agertzen dituzten eta horiek pairatzeko arriskua dutenen premia iragankor edo iraunkorrak prebenitzea eta horiei albait arinen erantzutea.
![]() |
Arreta Goiztiarra Bizkaiko 1.600 umek jasotzen dute. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.