lunes, 25 de septiembre de 2017

HABEk eta Lanbidek hitzarmena sinatu dute, langabeek euskara ikas dezaten

HABEk eta Lanbidek hitzarmena sinatu berri dute langabezia egoeran daudenek euskara ikas dezaten errazteko. Honakoa Lanbideren bitartez ikastaroak egiten ari direnei zuzenduta dago, langabeen enpleagarritasuna hobetu eta euskaraz ikasteko garaian ahalik eta erraztasun handienak emateko Eusko Jaurlaritzak berea duen apustuan sakontzeko. Bi aldeek sinatutako hitzarmenean 200.000 euroko inbertsioa finkatu da 2017-2018 ikasturterako.
Lanbidek antzeman duenez, zerbitzu elebidunen eskariak gora egin du jendeari arreta egiteko lanbide arloetan, zerbutzuen sektorearen barruan, bereziki eremu euskaldunenetan. Horregatik, prestakuntza-espezialitate horietako ekintza kualifikatzaileetan diharduten lanik gabekoek euren enpleagarritasuna hobetzeko aukera izan dezakete enplegu-eskariari euskaren ezagutza egiaztatua erantsiz gero. Hau da, aldibereko prestakuntza da, ikuspegi profesionaletik ere euskaraz jakitea komeniko zaion orori batez ere zuzendutakoa.
Hitzarmenak ezartzen duenez, laguntza horiek jaso ahal izango dituzte Lanbiden izena emandako langabeek. Zehazki, Lanbidek diruz lagundutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzendutako ekintza kualifikatzaileak ikasten ari direnek. Halaber, parte hartu ahal izango dute 2014an, 2015ean eta 2016an Lanbidek onartutako diru-laguntzen deialdien esparruan egindako ekintzetan dagokion profesionaltasun-ziurtagiria eskuratu dutenek.
Lanbideren ikastaroren bat egiten ari direnen kasuan, euskarazko prestakuntza aldi berean egingo da, baina haren ikastorduetatik kanpo. Horiek aukera izango dute HABErekin hitzarmena duten Euskal Autonomia Erkidegoko 103 euskaltegi publiko nahiz pribatuetako edozeinetan izena emateko. Edozein maila egin ahal izango dute, A1etik hasita C2raino. Hitzarmenak jasotakoaren arabera, A1 mailari dagokionean, gutxienez 125 ikastorduko ikastaro batera joan behar da. Gainerakoetan, aldiz, gutxienez 165 ordu egin beharko dituzte.
Laguntza horiek lortu nahi dituztenek Lanbiden eskatu beharko dute hizkuntza-trebakuntzarako ikastaroetan parte hartzea. Hortik aurrera, Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du, izena ematearekin batera, pertsona horrek baldintzak betetzen dituela eta, onartua izanez gero, jakinaraziko dio hautatzen duen euskaltegian Lanbidek baliozkotutako fitxa aurkeztu beharko duela. Aldi berean, Lanbideren bulego sare zabalean eta www.lanbide.euskadi.eus web gunean informazioa emango da euskarazko hizkuntza-trebakuntzako ekintzetarako prestakuntza-eskaintzaren inguruan, prestakuntza-ikastaroei buruzko atalean zehazki.
Hitzarmenak datorren urteko ekainaren 30era arteko indarraldia du, baina gehienez lau urtez luzatzeko aukera dago. HABEren eta Lanbideren arteko hitzarmen honen babesean bultzatuko diren laguntzez gain, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek diru-laguntza eta bestelako pizgarri ugari eskaintzen dizkiete euskara ikasteko interesa dutenei. Aipatutako hitzarmen honetan laguntzarik eskuratu ezin duten langabeek izango dute gainerako erakundeek bultzatutako laguntzak jasotzeko modurik.

Hitzarmena datorren ekainaren 30era arte dago indarrean, baina gehienez beste lau urtez luza daiteke.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes