martes, 19 de septiembre de 2017

Gaztelugatxe, Europako filmaleku onenen sariketan

Gaztelugatxeko Doniene hamarkadako europar filmaleku onena izateko sariketarako aukeratu dute. 'Game of Thrones' (Tronuen Jokoa) telebistako sail ospetsua bertan errodatu izanak ahalbidetu du Bermeoko txoko zoragarri hori lehiaketako hamaika onenen artean jarri izana. Garailea azaroaren 7an emango da ezagutzera 'European Film Commission Network' (EFCN) deritzanaren hamargarren urteurreneko ekitaldian zehar. Bruselan da egitekoa, Europako Parlamentuaren egoitzan. Bizkaiko Foru Aldundiak aditzera eman duenez, aipatutako erakundea da antolatzailea, eta European Location Award izenekoaren barruan emango du saria.
EFCNk 30 herrialde europarreko 90 film batzorde hartzen ditu eta bere helburu nagusietakoa nazioarteko ikusentzunezko ekoizpenetarako kontinenteko filmalekuak sustatzea da. Bere hamargarren urtemuga dela eta, European Film Location Award deritzan saria antolatu du, eta horren barruan aukeratuko dute Hamarkadako Europako Filmaleku Onena. Aldundiaren berbetan, Gaztelugatxe onena izatekoen artean aukeratu izana "nazioarteko aitortza handia da Bilbo-Bizkaiarentzat, orohar ikusentzunezkoen ekoizpenerako eta bereziki filmen eta telebistako sailen ekoizpenetarako erreferentziazko gune modura".
Hemendik aurrera Europako publikoa izango da azken hitza duena, filmaleku onena Cineuropa plataformaren webgunean (http://cineuropa.org/fela.aspx?t=index&l=en&did=334305&tid=3191) bozketa bidez aukeratuko baita. Honek Europa osoko profesionalak biltzen ditu, zinemagintzakoak eta ikusentzunezkoen sektorekoak. Parte hartzen dutenek urriaren 25era arte izango dute bozkatzeko aukera. Hiri, uharte, gune historiko eta arkeologiko, mendi eta haran ikusgarri zein azken hamar urteetan filmak, telebistako sailak edo dokumentalak hartu dituzten bestelako lekuen artean aukeratu beharko dute.
Bai Bilboko Udalak zein Bizkaiko Aldundiak dei egin diete herritarrei Gaztelugatxeko Donieneren alde egin dezaten. Euren ustez, honelako sari batek "Bilbo-Bizkaiaren irudia bultzatuko du nazioartean sormeneko industriaren aukeretarako gune gisa eta telebistako sailen eta filmen errodaiekin lotutako turismoari dagokionean". Hamaika finalisten aukeraketa bi fasetan burutu da. Lehenengoan EFCN barruko film batzordeetako bakoitzak bere lurraldeko filmalekuetako bat proposatu du eta bigarrenean, aldiz, Cineuropako aditu eta kritiko talde batek aukeratu du azken zerrenda.
Gaztelugatxez aparteko beste hamar filmalekuetakoak Greziako Antiparos uhartea, Poloniako Wroclaw hiria, Kroaziako Dubrovnik eta Kastilac-eko gaztelua, Alemaniako Görlitz,  Sevillako Guadalquivir-eko Isla Mínima izenekoa eta Erromako Caracalla-ko Termak dira. Horiez gain, finalisten artekoak dira Hego Tiroleko Val Senales glaziarra, Norvegiako Valldal-Hotel Juvet Landscape eta Austriako Viena hiriburua. Denak dira benetan ederrak, baina Gaztelugatxe sekulakoa da, apartekoa. Horregatik da garrantzitsua babesa eman nahi dioten guztien parte-hartzea, hilabete luze barru azken hamarkadako Europako filmaleku onena izan dadin. Sekulako aitortza litzateke, ederren artean ederrena dela baiestekoa.

Urriaren 25era arte dago bozkatzeko aukera.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes