Euskal Etxeek munduan zehar dauden euskal herritarren alde dihardute sortu zirenetik. Jatorriarekiko lotura ez galtzea da helburu nagusia, joan zirenek zein horien oinordekoek Euskal Herria ahalik eta gertuen izan dezaten. Ameriketan ari dira batik bat, kontinente osoan zehar baitaude barreiatuta. Bertako gizarteetan oso sustraituta egon dira beti, eta protagonismo azpimarragarria izan dute herrialdeetako batzuetan. Baina, Europan daudenez gain, badira Australian ere, eta Txinan. Egiten duten lanaren baitan euskal kultura eta hizkuntza sustatzea da zeregin nagusietakoa, eta horri begirakoek Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute hasiera-hasieratik.
Asteon Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 234.000 euroko kontu-saila onartu berri du, hain justu Euskal Etxeei diru-laguntzak emateko euren geletan euskara irakas dezaten. HABEk bideratutakoa da deialdi hau eta honi esker Eukal Etxeek ikastaroak eskainiko dituzte 2017ko urritik datorren urteko irailera arte. Guzti hau 'Euskara munduan' deritzan programaren baitan da egitekoa.
Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren menpekoa da eta bere betebeharren artean dago diasporako Euskal Etxeetan euskara ikasteko baliabideak jarri eta jarduerak sustatzea. Horrela, hiru arlo ezberdinetan eragingo du oraingo deialdiari esker. Batetik, irakasleen prestakuntzari begiratuko zaio, euskararen irakaskuntza Euskal Etxeetan eten ez dadin plan ezberdinak burutzen baitira giza-baliabideak sustatzeko. Europan eta Ipar zein hego Amerikan badira irakasleen gaitasuna trebatzeko hiru plan ezberdin.
Bestetik, ikas-materialaren alorrean ekingo zaio. Euskararen irakaskuntza egokia izan dadin, diru-laguntzen zati bat horiek erostera bideratzen da honelakoetan. Hala, 'Boga on-line' programa, 'Aisa' oinarrizko mailetako ikasleentzako programa, 'Ikasbil' ataleko materialak edota aurrez-aurre erabiltzekoak dira ikaslearen esku jartzen direnak programa honen bidez. Eta, azkenik, eskola-orduak babesteko diru-laguntza onartu da, kontu-sailaren zati bat eskolak babestera bideratzen delako.
HABEk orotara 31 hitzarmen ditu mundu osoko 28 Euskal Etxe eta 3 federakuntzekin. Horiei esker, 75-80 bat Euskal Etxetan ematen dira eskolak urtero. Guztira 190 dira munduan dauden Euskal Etxeak. Gaur egun, 2.000 ikasle heldu baino gehiago ari dira euskara ikasten programa honen barruan. 'Argentinan euskaraz' deitutako plana, aitzindaria, 1989an jarri zen abian eta handik hamar urtera 'Euskara munduan' proiektua sortu zen. Egitasmo honi esker, euskara mundu zabalean ikas daiteke gaur egun.
Bertan ari diren ikasleek bereziki eskertzen dituzte honelako egitasmoak, euren jatorriarekiko loturak sendotzeko tresna paregabea direlako. Ikasitakoa oso baliagarria zaie Euskal Herrira etortzen direnero, bertoko gorabeherak euren bizilekutik hobeto jarraitzeko eta euskal kulturaren ezagutzan sakontzeko.
![]() |
'Argentinan euskaraz' proiektua 1989an abiatu zen, eta hamar urte beranduago ekin zitzaion 'Euskara munduan' deritzanari. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.