Euskal herritarrek 301,67 euroko batazbestekoa bideratzeko asmoa dute eskolara itzultzeko kanpainarako, Estatu mailako kopururik baxuena. Hala dio, behintzat, ofertia.com webguneak bere erabiltzaileen artean egindako azterketak. Euskadirekin batera, arlo honetan gastu gutxien egiteko asmoa dutenak Kantabria (324,60 euro) eta Nafarroa (339,29 euro) dira. Haatik, batazbesteko handienak Baleareetakoa (588,33 euro), Murtziakoa (440,91 euro) eta Gaztela-Mantxakoa (416,39 euro) dira.
Txostenaren arabera, herritarren %68k aurretiaz egiten du seme-alabak eskolara itzultzeak eragiten dituen gastuen plangintza, eta horien asmoa testuliburuetarako, eskola materialerako eta arropa berrirako 400 euroko batazbestekoa baliatzea izaten da. Horrez gain, matrikulak, jantokia eta eskolaz kanpoko jarduerak ordaindu behar dituztenentzat batazbestekoa 711 eurokoa izango dela aurreikusten da, iaz baino %8 gehiago.
Aipatutako jatorria duten datuek diotenez, gurasoek 117 euroko batazbestekoa baliatuko dute eskolako materialerako (iaz baino %5 gutxiago), 150 euro testuliburuetarako (%8 gutxiago), 133 euro uniformeetarako edo arropa berrirako (%2 gutxiago), 167 euro matrikuletarako (%3 gehiago) eta 74 euro umeak eskolaz kanpoko jardueretara joan daitezen (%3 gutxiago). Gastua ikasleen ikasketa mailaren arabera aldatuko da eta, esaterako, eskolaurreko umeen gurasoen inbertsioa 308 eurokoa izango da, eta batxilergoan daudenena 505ekoa.
Eskolara itzultzearekin lotutako hainbat azterketa eta txosten plazaratu dira egunotan. Beste batek dioenez, adibidez, Estatu mailan gurasoen %52,6 horri begira aurrezten saiatuko da, iazko %40a dezente gaindituta. Dena den, honakoa da gutxien murrizten saiatzen diren gastuen arteko hirugarrena, udako oporren (%77,8) eta Gabonen (%77,3) ostean.
Gehien murriztu gura diren partidak arropa eta oinetakoena, eta papertegikoa zein eskola materialarena dira, %40,5ek aipatuko baititu. Segidan doaz testuliburuak, %36,5ek azaldu baitu horietan gastua gutxitzeko asmoa. Gainera, beste zenbait neurri ere abiatuko dituzte gurasoek, batik bat beherapenetan erostea edo hornitzaile eta produktu ezberdinen artean konparatzea. Honakoak hamarretik bik egiten dituzte dagoeneko. Horiez gain, gurasoen %45ek bigarren eskuko webguneetan erosten dute, gehienetan arropan eta oinetakoetan aurrezteko asmotan. Izan ere, familia askorentzat sekulako ahalegina da abuztuko oporren ondoren honelako gastuei aurre egin beharra.
Egoera horretan daudenei begirako hainbat aholku ematen dituzte adituek. Gastuen plangintza aldez aurretik egitea eta aurrekontua ez gainditzea da funtsezkoa. Horretarako, eskaintzak hartu behar dira aintzat, eta badira alokatutako eta bigarren eskuko liburuak eskuratzeko moduak eta eskola materiala birziklatzekoak. Gainera, zenbait erkidego autonomotan bada hezkuntzarekin lotutako zenbait gastu errenta aitorpenean desgrabatzeko modurik. Azkenik, erosi aurretik prezioak konparatzea eta internet bidez erostea aholkatzen dute gai honetaz gehien dakitenek. Azken xedea gastuak murriztea izan behar da, baina hezitzeko beharrari sekula euko egin edo berori arriskutan jarri gabe. Iraila hasi da. Udazkena ia hemen dago; eta ikastetxeak, berehala betetzen hastear.
![]() |
Gastuen plangintza aurretiaz egitea eta ezarritako aurrekontua ez gainditzea funtsezkoak dira ikasturte berriari begira. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.