jueves, 7 de septiembre de 2017

BIME Live jaialdian ariko direnak, ia guztiz erabakita

Udazkeneko BIME Live musika jaialdian parte hartuko duten musika taldeen izen berriak ezagutzen ari dira egunotan. Orain arte jakina zen The Prodigy bertan izango zela, eta horiei Royal Blood, Metronomy, Delorean —Mikel Laboaren omenez—, Las Bistecs, Idles, Pablo Und Destruktion eta Rural Zombies gehitu zaizkie. Talde gutxi falta dira dagoeneko urriaren 27 eta 28an BECen ariko direnen zerrenda osoa osatzeko. Jaialdiak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauka eta eguneko bertako sarreren zenbatekoa 50 euro gehi gastuetakoa izango da.
Royal Blood bikote britainiarrak sekulako arrakasta borobila lortu berri du Bilboko BBK Live jaialdian, zuzeneko ikuskizun itzela eskainita. Bertan erakutsi zuten zergatik bihurtu diren gaur egungo rockaren erreferente berria. Metronomy talde britainiarrak, aldiz, Joseph Mount buru dela, bosgarren albuma aurkeztu du duela gutxi. BIME Live-n protagonistetakoa izango da taldearen pop berria, dantza egiteko ezin aproposagoa. Bestalde, Deloreanek euskal musika garaikideko artista handienetakoa zen Mikel Laboaren abestiak eramango ditu BECera.
Las Bistec bi neska dira, euren estiloari elektro-disgusting deitzen diotenak, jairako gai elektroniko probokatzaile eta dibertigarrien bidez arrakasta lortuta. Idles talde, ostera, oso punk estiloarekin helduko da, karismaz eta umore onez betetako boskotea osatzen dute eta zuzeneko emanaldi basatiak eskaintzen dituzte. Pablo Und Destruktion Estatuko underground kulturaren balore garrantzitsuenetakoa da: inkonformista, lisergikoa, lotsagabea eta garratza, nortasun paregabekoa. Rural Zombies, azkenik, Gipuzkoako talde berri bat da, sekulako progresioa izaten ari dena. Dantza egiteko rock abestiak dituzte, sintetizagailua nagusi, eta Juliaren ahotsari eta zuzeneko jardun bikainari esker maila handia erakusten dute.
BIME Livek egungo musikaren industriako artista entzutetsuenak ekartzen ditu bi gauetan zehar, eta baita bertako zein nazioarteko promesa direnak. Hala, Europako neguko jaialdi garrantzitsuenetakoa izatea lortu du. Bere agertokietan Placebo, The National, Imagine Dragons, Gossip, Maniac Street Preachers, Stereophonics, The Kooks, Macy Gray eta Los Planetas bezalako artistak izan dira azken urteotan.
Era berean, BIMEk sormenaren industrian lana aktibatzea sustatzen du, horretarako hiru ekitaldi baliatuta. Batetik, BIME Recruiting deritzana sormenaren industriek daukaten enplegu foro bakarra da. Enpresen, prestakuntza zentroen, ikasleen eta profesionalen arteko topagunea izanda, lan bila daudenei begirakoa da. Bestetik, BIME Starting Summit izenekoa dago. Sormenaren industriarekin zerikusia duten startup guztien urteko erreferentziazko topagunea da, musika, bideojokoak, teknologia berriak eta antzekoak barne hartuta. Gainera, azaleratzen diren enpresen gizarteratzea bultzatzen du, bai eta inbertitzaileen eta izen handiko profesionalen arteko negozioak ere. Azkenik, BIME Hack Day dago, teknologia ekitaldiak, makerrak, hackerrak eta garatzaileak bilduta. Egun batean zehar, hitzaldi eta workshop ugari egiten dira, etorkizuneko plataformetarako oinarriak sortzeko esparru teknologikoa sortuta. Ondorioz, BIME Live eta bere ingurukoak oso garrantzitsuak dira Bizkaian egiten diren musika eta kultur ekitaldien artean, hainbat arlotan eskaintza zabalekoak direlako.

Delorean eta Rural Zombies euskal taldeak ariko dira aurtengo BIME Live jaialdian.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes