Politika publikoak aktibatu eta ongizatean eragiteko ezinbestekoa da zerga sistema bidezko eta eraginkorra. Horko baliabideek ahalbidetzen dute hainbat zerbitzu abiarazi eta mantentzea eta horregatik da hain garrantzitsua herritarrek eta enpresek dagokiena ordain dezaten. Bizkaia bide onean ari da aurten arlo honetan, ezagutarazi berri denez 2017ko lehen zazpi hilabeteetan Foru Ogasunak 4.824,9 milioi euro bildu baititu, iazko epe berean baino 694,1 milioi gehiago hain zuzen. Hala, zerga bilketaren urte arteko hazkundea %16,8koa da.
Bildutako guztiaren zenbatekotik, 2.457,8 milioi zuzeneko zergapetzeari eta beronen kontzeptu nagusiei dagozkie. Errentaren kanpaina amaitu ostean Pertsona Fisikoen Errenta Zergak (PFEZ), guztira, %6,7ko hazkundea izan du —1.673,5 milioikoa zehazki—, eta arlo horretan nabarmentzekoa da lanaren karizko atxikipenek %3,6ko hazkundea izan dutela. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, uztailera arte, 634,4 milioi euro bildu dira, iazko 384,6 milioiko zenbatekoaren aldean. Gainera, zuzeneko zergapetzeari lotuta, gora egin dute Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko zergak, batetik, —39,3 milioira arte helduta—, eta, bestetik, Ondarearen gaineko Zergak, 76,9 milioi euroko zerga bilketa lortu ondoren.
Zeharkako zergapetzearen arloan, 1.870,2 milioi euroko ekarpena egin zaio zerga bilketaren zenbateko osoari, eta %2,6ko hazkundea izan du iazko kopuruaren aldean. Dagoeneko zenbatuta daude BEZ eta zerga berezien barne moldaketak, eta horiekin lotuta Bizkaiak 527,3 milioi eman dizkie Arabari (133,1 milioi) eta Gipuzkoari (394,2 milioi). Zeharkako zergapetzean nagusi diren bi kontzeptuotatik, nabarmentzekoa da Hidrokarburoen gaineko Zerga Bereziaren %7,8ko hazkundea, nahiz eta norberaren kudeaketako BEZri dagokion zenbatekoak 29,6 milioi eurotan egin duen behera. Joera bera izan du tabako-lanen eta elektrizitatearen gaineko zerga berezien bilketak ere.
Halaber, Tasen eta Beste Sarrera Batzuen ziozko zerga bilketa 40,3 milioi eurokoa izan da Bizkaian urtarriletik uztailera arteko epean, iazko tarte bereko bilketan baino lau milioi gehiagokoa. Horrela, Norberaren Kudeaketaren arloko Zerga Kontzertatuen guztirako zenbatekoa 4.368,3 milioi eurokoa izan da, iazko epe berarekiko %12ko hazkunde lortuta. Estatuarekiko doikuntzei dagokienez, Bizkaiak 546,9 milioi euroko zenbatekoa jaso du BEZren eraginez, eta 90,3 milioi euro ordaindu ditu Zerga Berezien ondorioz.
Soldatetan gorakadarik izan ez arren, enpleguak hobera egitea nabaritzen hasiak dira diru-kutxa publikoak. Lanean ari direnak gehiago izaterakoan PFEZ bidezko sarreretan hoberako joera nabarmentzen ari da, eta egoera ekonomikoak egungoan jarraitzen badu denboran zehar horri eusteko modua egongo litzateke. Dena den, ikusteke dago diru sarreren gorakada hau nahikoa izango ote den urteen joan-etorriarekin gero eta gastu handiagokoak diren zerbitzu publikoen beharrei behar bezala aurre egiteko.
![]() |
Foru Ogasunak iaz baino ia 700 milioi gehiago bildu ditu zerga bidez uztailera arte. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.