Aurreko uztaila inoizko beroena izan da lurrazalean, mundu mailako temperaturen erregistro historikoa 1880an abiatu zenetik. Hilabete horretako XX. mendeko batazbestekoarekiko 1,20ºC gehiagokoa, hain zuzen ere. Hala adierazi berri du hileroko bere azken txostenean Estatu Batuetako NOAA agentziak, Administrazio Nazional Ozeaniko eta Atmosferikoak. Ozeanoetako batazbesteko tenperaturari buruz, aipatutako txostenak dioenez aurreko uztaila hirugarren beroena izan da —aurreko mendean ohiko zena baino 0,69ºC gehiagorekin—. 2015 eta 2016 urteetako uztailak are beroagoak izan ziren ozeanoetan, 0,75ºC eta 0,78ºC gehiago zehazki. Orohar, lurrazalekoa eta ozeanoetakoa aintzat hartuta, batazbesteko tenperatura uztail guztietako bigarren beroena izan da, XX. mendekoa —15,8ºC— baino 0,83ºC goragokoa. Aurretik iazko uztaila baino ez dago, orduan igoera 0,88ºC-koa izan baitzen.
Aztertutako azken 138 urteetako hamar uztail beroenetatik bederatzi 2005etik honakoak dira. Horiez gain, 1998koa dago lehen hamarren sailkapen horretan. Gainera, azpimarratzekoa da aurreko hilabetea XX. mendeko tenperaturen batazbestekoa gainditzen den jarraikako 41. uztaila eta 391. hilabetea izan dela. Uztail honetan ohikoa den baino bero gehiago egin du lurrazalaren zatirik handienean, eta errekorrak hautsi dira Afrikako hegoaldean, Ekialde Hurbilean, Australiako ipar eta erdialdean, eta Txina, Mongolia eta Madagaskarreko zenbait aldetan. Aldi berean, Errusian, herrialde baltikoetan, India barnealdean eta Kanadako ekialdean ohiko tenperaturak edo pixka bat hotzagoak izan dituzte.
Antzeko zerbait jazotzen da zenbait alde ozeanikotan, Indikoaren mendebaldean, mendebaldeko eta erdialdeko Pazifikoan, Estatu Batuetako ekialdeko kostalde atlantikoan eta Barentseko itsasoan esaterako; aldi berean iparraldeko Pazifikoan eta Atlantikoan eta Antartikoko zenbait aldetan ura batazbestekoa baino hotzago zegoen artean. Sei kontinenteetako bostek izan dute uztail beroa, Afrikan eta Ozeanian 1910etik honako errekorrak gaindituta. Haatik, Europak 2011ik honako uztail freskoena izan du. Bahreinen, adibidez, tenperaturaren erregistro nazionalak 1902an abiatu zirenetik honako uztail beroena izan dute —36,9ºCko batazbestekoarekin—, eta Australian 1975etik honako sargoritsuena —eta erregistro historikoaren 108 urteetako hirugarrena—.
Japoniarrek bat egin dute Estatu Batuetako aipatutako agentziaren datuekin. Bertako Agentzia Meteorologikoaren arabera, lurrazaleko batazbesteko tenperatura XX. mendeko batazbestekoa baino 0,75ºC gehiagokoa izan da uztailean, eta 0,41ºC gehiagokoa aintzat hartutakoa 1981 eta 2010 urte arteko epea bada. Hala, japoniarrak 1891n euren erregistro historikoarekin hasi zirenetik 2017ko uztaila bigarren beroena litzateke. Ildo horretatik, lurrazaleko batazbesteko tenperatura, gutxi gora-behera, mendeko 0,69ºC hazi dela azpimarratu dute.
Beste hainbat erakundek bat egiten dute funtsezkoan aurrekoekin. Hala, Espazioaren Azterketarako NASAren Goddard Institutuaren esanetan, honako uztaila 1880tik aurrerako inoizko beroena izan da. Eta aurtengoa iazkoarekin lotzen dute, gainera, biak erregistro modernoak daudenetik azken 137 urteetako beroenak izan direlakoan. Epe horretan, bero gutxieneko uztailak 1904 (batazbestekoarekiko 0,55ºC gutxiagorekin), 1909 (-0,46ºC), 1912 (-0,45ºC) eta 1908 eta 1911koak (-0,41ºC) izan ziren. Eta batazbestekoa gainditu zuen lehena, aldiz, 1940koa, 0,12ºC gehiagorekin.
![]() |
Adituak aspalditik dabiltza tenperaturen igoeraz ohartarazten. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.