lunes, 14 de agosto de 2017

Fipronilez kutsatutako 20.000 arraultza atzeman dituzte Bizkaian

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak fipronil intsektizidarekin kutsatutako arraultza likidoko 20.000 ale ibilgetu ditu Bizkaiko enpresa batean. Ostiralean jakin zuten Frantziatik arraultza likido pasteurizatuko 20.000 aleko partida heldu zela, eta Bizkaiko enpresa batek jasoa zuela banaketa katean sartzeko. Horren aurrean, saileko inspekzio arduradunek beherala eman zuten kutsatutako partida ibilgetzeko agindua, osasun publikoari begirako kalte oro eragozteko asmoz. Ondoren, arraultza guzti horiek txikituko dira, eta zaintze lanetan jarraitu da honelakorik berriz gerta ez dadin.
Fipronilez kutsatutako arraultzen arazoa 19 herrialdera zabaldu berri da, batik bat Europan. Intsektizida hori debekatuta dago elikagai-katean. Izan ere, bakarrik dago baimenduta, besteak beste, akaroei, arkakusoei, akainei eta maskotek izan ohi dituzten bestelako zenbait intsekturi aurre egiteko. Gainerakoan, espreski galazota dago elikadura-kateko animaliekin erabiltzeko, oiloekin eta oilaskoekin esaterako, Mundu Osasun Erakundeak 'toxiko samar' modura sailkatua duelako.
Animalietan egindako azterketek erakutsi dutenez, kantitate handiak baliatuz gero, fipronilak kalteak eragin ditzake giltzurrunetan, gibelean edo-ta tiroidean. Haatik, kutsadura honen berri izan denetik, elikagai-segurtasuneko zenbait adituk jakinarazi dutenez, atzemandako arraultzek duten kantitatearekin osasunerako arriskua izateko asko eta luzaroan jan beharko lirateke. Izan ere, fipronila ez zaie arraultzei zuzenean erantsi, oiloak zipriztindu baitituzte akaroak akabatzeko. Dena den, intsektizida horrek gantz-ehunean pilatzeko gaitasuna dauka, eta baliteke fumigazioaren aztarnak arraultzen gorringora arte heltzea.
Europako Batasunean oso zorrotza da intsektizidekiko arautegia, duela zenbait hamarkada plagizidekin jazo ziren kutsadura kasu larriak direla eta. Hala, intsektiziden baimendutako kopuru gehienak oso urruti omen daude benetako arrisku izatetik. Pestizidei buruzko arautegiak ezartzen duenez, arraultzetan egon daitekeen gehienezko fipronil hondakina 0,003 mg/Kg-koa da. Holandan aztertutako zenbait laginetan 0,92 mg/Kg fipronil aurkitu da baina, arratoietan egindako ikerketetan gutxienez animalien erdia hiltzeko besteko dosi hilgarria askoz handiagoa zen: 97 mg/Kg-koa. Gizakietan dosi hilgarria zein den ez da zehaztu, ia ez baita honelako kutsadura kasurik gertatu, euren buruaz beste egindakoenean salbu. Baina hauek zuzenean irentsi zuten intsektizida.
Lehen ikerketen arabera, Chick Friends enpresa holandarra izan zen debekatutako intsektizida hau baliatu zuena. Abeltegien desinfekzioan aditua da honakoa. Antza denez, produktua plagizida gisa kasuotan baimendutako beste substantzia batzurekin nahastu zen. Fipronila ezin da arraultzetatik desagertarazi ezta horiek sukaldean egosita ere.
Oiloen haragiari dagokionez, ez omen dago arriskurik, kontsumora bideratutako gehien-gehienaren jatorria ez baitago arraultzen produkziora zuzendutako oiloetan, haragia ekoizteko gizendutakoetan baino. Alde horretatik, osasun arloko agintari guztiek lasaitasunerako deia egin diete Europa osoko kontsumitzaileei.  

Ez dago fipronila arraultzetatik desagertarazterik ezta hauek egosita ere.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes