miércoles, 2 de agosto de 2017

Emakume etorkinen erdia inoren etxeko lanetan ari da Euskadin

Euskadin lanean ari diren emakume etorkinen erdia, bitik bat, inoren etxeko lanetan edo zaintzaile modura ari dira. Krisiak iraun duen bitartean kopurua ikaragarri hazi zen, 2010eko %38,8tik lau urte beranduagoko %50,2ra arte. Ikuspegik txosten bat landu berri du Lan Merkatua eta Emakume Etorkina aztergai hartuta eta, ondorioztatu duenez, langabeziak gehiago eragiten die gizonezko etorkinei (%45,3 zegoen egoera horretan) emakumeei baino (honakoen langabezia %33,8koa zen).
Etxeko lanetan ari diren emakume etorkinen artean latinamerikarrak dira guztiz nagusi, eta horretan dihardute hamar etorkinetik hiruk, hamarretik bostek emakumeei dagokienez. Paraguaiko andrazkoak dira jarduera tasarik handiena dutenak, eta txikiena aldiz afrikar jatorrikoek dute. Azken hauen lan egoera "izugarri zaurgarria" da: langabezia tasak %70ekoak dira magrebtarren artean eta %80 ingurukoak gainerako afrikarrei dagokienean.
Ikuspegiren arabera, errealitate honek adierazten duenez, krisiaren ostean "euskal klase ertainak zorua sendo sentitzen du, etorkinak eskatzen ditu eta, neurri handi batean, euskal populazioaren zati garrantzitsu bat krisiaren aurreko antzeko parametroetara ari da itzultzen". Beste era batera esanda, horren ustez, "latinamerikar emakumezkoen populazioa euskal gizartearen egungo osasun ekonomikoaren adierazlerik onenetakoa da". Ondorioz, hura hazten denean, egoera ekonomikoak hobera egiten du edo egonkor eusten dio, eta alderantziz".
Inmigrazioaren Euskal Behatokiaren txostenak dioenez, andrazko etorkinek ez dute "ia" jaitsierarik izan euren okupazioan eta gizonezkoen azpitik daude langabeziari dagokionez. Hala, Ikuspegiren irudiko, populazio magrebtar eta Saharaz hegoaldekoaren eboluzioak erakusten du zein bilakaera izan duen joera horrek. Lau urtetan, etxeko lanena garrantzi gutxiko sektorea izatetik gehien duena izatera igaro da. Gaur egun, hamarretik lau baino emakume magrebtar gehiago sektore horretan ari da. Aukera horrek gora jo du gizonezkoen langabezia hazten zen neurrian. Arabiar jatorriko gizonen langabezia tasa %84,6ra artekoa da.
Ikuspegiren iritziz, jasotako datuek erakusten dute "azken bi-hiru urteotan oso emakumezkotutako latinamerikar jatorriko populazioa ari dela heltzen batik bat", jakinik lan merkatura "sartzeko" etxeko lanen eta senitartekoak zaintzeko sektorean badutela aukera "handi eta sendo" bat. Lan merkatuari dagokionez, krisiaren urteek andrazko eta gizonezko etorkinen joerak aldatu dituzte. Lau urtetan, jarduera tasak horien artean gorantz egiten zuen artean, (%75,5etik %79,8ra), emakumezkoena 6,3 puntu hazi da eta gizonezkoen 2,6 besterik ez. Halaber, okupazio tasa %52,1etik %48,4ra jaitsi den artean, andra langileena gizonezkoenaren hiru puntu gainetik jarri da. Horrela, 2010 eta 2014 arteko joera aldatu da.
Sektoreka aztertuta, ostalaritza eta eraikuntza garrantzia galtzen joan dira etorkinen artean. ostalaritzaren pisua %21,9tik %14,9ra jaitsi den artean, eraikuntzarena erdira joan da, 2010eko %14,2tik 2014ko %7ra zehazki. Oso bestelakoa da txinatar jatorriko populazioaren egoera, horren langabezia tasa %2,7koa baita soilik, talde horrek "autoenpleguaren" aldeko joera duelako eta oso bestelako egoeran dagoelako: okupazio tasa %86koa da gizonezkoen artean eta %60koa andrazkoei dagokienean.

Ostalaritzak eta eraikuntzak garrantzia galdu dute Euskadin bizi diren etorkinen artean. 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes