Auto istripuak urte osoan dira arazo, baina udako oporraldian harat-honat askoz gehiago ibiltzeak arriskua handitzen du. Hainbat kanpaina egiten dira erakundeetatik gidariak zuhur ibil daitezen, eta hobera egitea lortu den arren oraindik asko dira errepideetan hiltzen direnak. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 2010 eta 2016 urte bitartean 307 pertsona hil dira trafiko istripuetan. Hauxe da 30 urtetik beherakoetan hilkortasun handiena eragiten duena, hirugarrena 40 urtera artekoetan eta hamargarrena 50 urtera artekoetan. Datuok Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak bildu eta ezagutarazi berri ditu.
Aipatutako epe horretan 2.014 izan ziren larri zauritutakoak eta 21.274 zauri arinak jasandakoak. Urte horietako guztietako adierazleen bilakaera hoberakoa izan da eta istripuei dagokienean argi eta garbi ari da beheraka. 2014a salbuespena izan zen, dena den, urte horretan 24 hildako izan baitziren, inoizko gutxien.
Zehatzago, 2010ean zauritu eta hildakoen batuketa 3.649koa izan bazen, iaz 3.480 izan ziren, hau da 169 biktima gutxiago. Era berean, biktimak eragindako istripuak 2.543 izan ziren 2010ean eta 2.484 iaz, 60 gutxiago zehazki. Biktimak dituzten istripuen bilakaera da errepideetako istripuekin lotutako serie guztien artean fidagarriena, eta beheraka ari da 2001etik. Haatik, Segurtasun sailetik nabarmendu dutenez "gero eta zailagoa da horri eustea, lortutako maila dagoeneko baxua delako".
Izan ere, 2013tik Euskal Autonomia Erkidegoan errepideetan hildakoen kopurua 50etik beherakoa da urtean: 46 hildako 2013an, 24 2014an, 44 2015ean eta 39 2016an. Halaber, 2011tik, larri zauritutakoak ez dira urtean 300era heltzen, eta 2012tik hona urtean 3.000 baino gutxiago dira jasan duten istripuaren eraginez arin zauritutakoak.
2016an zehar, Ertzaintzak 8.085 istripu erregistratu zituen euskal errepideetan: horietako 2.483tan biktimak izan ziren eta 5.602tan, aldiz, ez. Istripuotan 13.876 ibilgailu izan ziren kaltetutakoak, eta 15.271 pertsona. Horietatik 39 hil ziren, 267 larri zauritu eta 3.174, arin. Biktimak eragindako istripuak zein biktimarik gabekoak eta horietan kaltetutako ibilgailu zein pertsonak gehiago izan ziren 2015ean baino, baina hildakoen kopurua jaitsi zen, %11,4, eta larri zauritutakoena, %6,3.
Datuak mahai gainean jarri ostean, dei egiten zaie beste behin auto gidari guztiei errepideetan kontuz ibil daitezen, abiadura mugak errespetatuta eta alkohola zein drogak sekula hartu gabe. Azken finean, arduratsu gidatu behar da beti, norbere osotasunaren eta gainerakoenaren alde egitearren. Asko aurreratu da azken urtean abian jarritako neurri sortarekin baina etengabe gogorarazi behar zaie gidariei autoa hartutakoan zer dagoen jokoan.
![]() |
Auto istripuak dira 30 urtera artekoen hilkortasun handiena eragiten dutenak. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.