sábado, 15 de julio de 2017

Euskararen kaleko erabilerak behera egin du

Soziolinguistika Klusterrak Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale Naurketaren emaitzak aurkeztu berri ditu eta, horien arabera, euskararen kaleko erabilera jaitsi egin da azken hamarkadan Euskal Herrian: 2006ko %13,7tik iazko %12,6ra zehazki. Joerak ezberdin samarrak dira lurraldearen arabera. Bizkaian (%8,8), Gipuzkoan (%31,1) eta Ipar Euskal Herrian (%5,3) euskararen erabilera gutxitu egin da, eta Araban (%4,6) eta Nafarroan (%6,7), ostera, aurreko neurketetako emaitzak hobetu dira. Hiztunek, zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta gehiago erabiltzen dute euskara.
Ikerketa honetan Euskal Herri osoko 144 udalerritako kaleetan jasotako datuak bildu dira, eta 187.635 elkarrizketaren nahiz 515.260 solaskideren informazioa baliatu. Jasotako datuen bolumen handi horrek bermatzen ditu fidagarritasun estatistikorako baldintzak. Azken bost urteetan euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera txikiagoa ere neurtu da: %3,7tik (2011n) %2,7ra (iaz).
Hego Euskal Herrian, 2011tik 2016ra, euskaldun kopurua erditik beherakoa den herrietan mantendu da euskararen erabilera; baina kopuru hori erditik gorakoa den gainerakoetan, aldiz, apaldu egin da. Ipar Euskal Herrian, ostera, azken bost urteotan euskararen ezagutza gutxiagoko eremuetan kaleko erabilerak behera egin du, eta ezagutza altuenekoetan —Nafarroa Beherean eta Zuberoan— igo. Hiriburuei dagokienez, euskararen kale erabileraren bilakaera dauden lurraldeko berbera da. Salbuespen bakarra Iruñea da, bertan erabilera maila 1997tik mantentzen delako. Gasteizen jazo da azken bost urteotako kale erabileraren igoerarik handiena, Donostian eta Bilbon gutxitu egin da, eta Baionan gaztelaniaren erabileraren parekoa da euskararena.
Adinari erreparatuz gero, haurrak (%18,3) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak, eta ostean datozkie gazteak (%12,3), helduak (%11,5) eta adinekoak (%8,1). 1989tik, haurren, gazteen eta helduen euskararen erabilerak gora egin eta adinekoenak, haatik, etengabeko beherakada izan du. Dena den, azken hamar urteotan atzerakada adin tarte guztietan jazo da. Emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago darabilte euskara kalean. Haur, gazte eta helduetan ematen da joera hau. Hala izan da azken hiru neurketetan, lurralde guztietan.
Haurrek nabarmen eragiten dute euskararen kaleko erabileran. Daturik altuenak haurrak eta nagusiak elkarrekin daudenean ematen dira (%19,3) eta apalenak, ordea, nagusiak haurrik gabe ari direnean (%8,6). Azken hamar urteotan, Euskal Herri mailan, haurren arteko euskararen erabilera jaitsi egin da. Ipar Euskal Herrira bakarrik begiratuz gero, aldiz, haurren arteko elkarrizketetan euskararen erabilera 2,5 puntu igo da. 
Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa aspalditik ari da egiten. Siadecoren eta Euskal Kultur Batzordearen eskutik abiatu zen 1989an, eta 2001etik Soziolinguistika Klusterrak egiten du. Beraz, 27 urtetan zazpi argazki egin zaizkio euskararen erabilerari Euskal Herri osoan. Ikerketa honek hizkuntzen presentzia kuantifikatzen du, kalean entzundako elkarrizketa informalak behatuz. Metodologia Euskal Herrian bertan sortutakoa da, zazpi edizioetan zehar astiro-astiro fintzen joan dena.

Haurrak dira (%18,3) euskara gehien erabiltzen dutenak.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes