domingo, 9 de julio de 2017

Euskal Encounter inoizko handiena izango da

Aurten 25 urte betetzen ditu Euskal Encounter-ek, informatika arloko profesionalen eta zaleen topaketak, eta hori dela-eta inoizko handiena izango da, bestelakoetan baino jendetsuagoa: zehazki, 5.014 ordenagailu-postu eta 8.000 parte-hartzaile izango dira bertan, ohi baino mila lagun gehiago. BEC-en egiten den bilkura erraldoia aurrekoetan zeharo ikusgarria izan bada, areago izango da uztail honen 22tik 25era bitartean.
Mende laurden betetzea ezin da oharkabean joan eta horregatik antolatzaileek berrikuntzak, ezustekoak, opariak eta zozketak dituzte parte-hartzaile eta bisitarientzat. Azkenok Opengune eremu irekira sartu ahal izango dira, bertako eskaintza zabalaz gozatzeko: doako hitzaldi eta tailerrak, standak, 3Dtan inprimatzeko makinak, errealitate birtualeko gunea edo-ta irudiak 360 gradutan proiektatzen dituen zinema esferikoa, besteak beste.
Euskal Encounter Estatuko informatika eta bideo-joko zaleen bilkura handi eta zaharrena da. Euskaltel Konekta fundazioak antolaturiko jaialdiak 5.024 eserleku eskainiko ditu guztira, iazkoan baino 416 gehiago. Lehenengo 4.000 eserlekuak 5,8 segundotan betetzean, gainontzekoak eskuz eman dira. Festak elkarren artean konektatutako ordenagailu-sare erraldoia izango du, eta konexio abiadura segunduko 40 giga simetrikokoa izango da, hau da, datuen igoerarako 40 giga eta jaitsierarako beste horrenbeste. Lau egunez, etenik gabeko jarduera izango da bertakoa, software librea, hardwarea, sormen digitala eta bideo-jokoak ardatz dituzten dozenaka ekintza eta lehiaketarekin.
Horretarako, etxeetako edonoren konexio-abiadura nabarmen gaindituko dute bertan biltzen direnek, Euskaltelek jarritako teknologiari esker. Gutxi balitz, antzeko topaketek eskaintzen duten abiadura ere aise gaindituko da. Ondorioz, Euskal Encounter munduko informatika-topaketa azkarrenetarikoa da. Euskaltelek antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzaren SPRIk babestutakoa da.
Honako edizioan izango diren berrikuntzen artean Kid's Kit-Car Greenpower elkarteak antolatutako auto lasterketa dago. Euskal Encounter-ek dirauen egunetan hamar kotxe elektriko diseinatu, egin eta gidatzea da jarduera honen helburu nagusia. Hamar taldetan banatutako ehun parte-hartzaile inguru lankidetzan ariko dira erresistentzia lasterketa batean lehiatuko diren auto pertsonalizatuak egiten. Lasterketa mota honen xedea energia kopuru berarekin birarik gehien ematea izango da, eta hori lortzeko autoen kontsumoa optimizatzen asmatuko beharko dute lanean aritzen diren taldeek.
Ez dira, baina, bakarrik egongo. Izan ere, irakasleen eta Euskal Encounter-eko parte-hartzaileen laguntza jasoko dute diseinu eta osatze faseetan. Dena den, umeak eta gaztetxoak izango dira jarduera berritzaile honen protagonista nagusiak, eurek gidatuko baitituzte taldean egindako autoak. Ariketa honen bitartez antolatzaileek lortu gura dutena zera da: 7 eta 26 urte bitarteko ume eta gazteen STEAM gaitasunak garatzea —zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak—, ingelesaren ezagutza eta erabilera sustatzearekin batera.

Ikusgarria izan ohi da Euskal Encounter-ek BEC-en eskaintzen duen itxura.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes