lunes, 3 de julio de 2017

Baxurako ontziak, hegaluze bila hastear

Baxurako euskal arrantzontziek hegaluzearen arrantzaldiari ekingo diote, sektorearen diru iturri nagusietakoari hain zuzen. Hala, antxoaren denboraldiari hartuko diote txanda 80 bat ontzik eta 850 arrantzalek. Antxoaren denboraldia ekainean amaitu da, eta orotara 14.485 tona harrapatu dira; iaz baino pixka bat gehiago, 2016an 12.181 tona jaso baitziren. Oraingoari, aldiz, kupotik geratzen dena gehitu behar zaio, uztail honetatik harrapatu ahal izango den %15a hain zuzen.
Hegaluzea arrain berezia da, eta bere migrazio ohituretako aldaketen eraginez zaila da aurrikustea zenbat harrapaketa egingo diren aurtengo kanpainan. Dena den, azken urteotako datuei erreparatuta badago baikor izateko arrazoirik. Izan ere, aurreko urte bietako kanpainetan gorakoa izan da joera, nabarmen. Iazkoa urteetako ekinaldirik onena izan zen, harrapaketak 6.000 tona ingurukoak izan baitziren, aurreko urteko denbora tarte berekoak baino %20 inguru gehiagokoak. 2015ean bost milioi kilotik gora jaso ziren, 2014an 2,9 eta 2013an 3,6 milioi kilo.
Lonjako prezioek ere dezente egin zuten hobera 2015ekoen aldean. Iazko batez besteko prezioa 3,79 eurokoa izan zen kiloko, aurreko urtean baino 36 zentimo garestiagoa. Ondorioz, 2016an 23,3 milioi eurokoa izan zen salmenten bolumen osoa, aurreko kanpainan baino %33,3 gehiagokoa. Horrek ekarri zuen arrantzaldi mota hau baxurako euskal arrantzontzien diru turri nagusia izatea.
2016an enkantean saldutako hegaluzeen erditik gora Getariako portuan deskargatu ziren, Hondarribi, Pasaia eta Ondarroako portuak atzen utzita. Bermeo izan zen harrapaketa gutxiago izan zuen portu bakarra, kazako arrantza sistema soilik erabili zutelako. Orohar datuak onak izan ziren euskal arrantzontzientzat, nahiz eta hegaluzea arrantzatzeari goizegi utzi behar izan zioten, Espainiako administrazioak hala behartuta. Izan ere, harrapaketen kupoa agortu zuten, eurenaren zati bat Frantziari utzi ziotelako.
Iaz harrapatutako 6.207 tona hegaluzetatik, 3.800 baino gehiago Eusko Label zigiluaren babespeko aleak izan ziren. Hau da, 2015ean baino %65,5 gehiago. Duela bi urte hasi zen sektorea Eusko Label identifikazioa jartzen, kalitatearen eta jatorriaren irizpideak kontuan hartuta. Orain, lan ildo hori indartu nahi du Eusko Jaurlaritzak, ahalik eta pieza gehien bereizgarri horrekin identifikatu eta sektorea ahal beste inplikatuz. Modu horretan, arraindegietara doazen kontsumitzaileek ziurtasun osoz jakingo dute erositako hegaluzea bertoko arrantzaleek harrapatutakoa dela eta horiei dagokien kalitatea duela.
Eusko Labela duen hegaluzea kalitate handiko arraina da, euskal arrantzontziek banan-banan eta sarerik gabe harrapatutakoa; arrantza sistema tradizionalak baliatzen baitira: kanabera (beita bizia) eta xaxian edo kazan. Metodo hauek arrainaren kalitatea hobetzen dute, eta arrantza tokien iraunkortasuna zein itsasoko baliabideen zaintza bermatu. Arraina bereizteko isatsean hautsi ezinezko segurtasun zigilu zuri bat jartzen zaie Eusko Label sinboloarekin eta beste zenbait daturekin: berari bakarrik dagokion kontrol zenbaki batekin, esaterako.

80 bat euskal ontzi eta 850 arrantzale ariko dira hegaluze bila.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes