Ertzaintzak 39.595 arau-hauste penal erregistratu eta ikertu ditu 2017ko lehen sei hilabeteetan, iazko epe berean baino %0,87 gutxiago, orduan 39.944 izan baitziren. Kopuru hauen arabera, 1.000 bizilaguneko 18,08koa izan da delitu-tasa urtarriletik ekainera bitartean, 2016ko 18,24koaren aurrean. Ondorioz, aurtengoa azken lau urteotako kopururik baxuena izan da. Emaitza hau bi aldiz da positiboa, sei hilabeteotan lortutako kopuru onaz gain lehen hiru hilabeteetako atzerakada txikia irauli delako, orduan 212 delituko gorakada jazo baitzen.
Beherakaden multzoan delitu larrienak aipa daitezke lehenik, burututako erailketak; iazko 4etatik aurtengo 2etara jaitsi direlako. Biak, gainera, argitu egin dira eta ustezko egileak epailearen aurrera eraman ditu Ertzaintzak. Erailketa biak urtarrilean izan ziren, lehena hil horren 10ean Portugaleten, eta bigarrena 26an Andoainen. Lesioek, aldiz, gora egin dute, 2.565etik 3.048ra, %18,83ko hazkundearekin. Horien artean daude familia barruko tratu txarrak, gehien ugaritu direnak. Haatik, familia barruko ohiko tratu txarrak, lesiorik gabekoak, jaitsi egin dira, %9,55. Askatasun sexualaren aurkako arau-hausteak ere hazi egin dira aurtengo lehen sei hilabeteetan, 170etik 218ra.
Ondarearen aurkako jazoerak arau-hauste deliktiboen hiru laurdenak dira, eta horiei dagokienez iazko jaitsierari eutsi zaio, 30.336 arau-haustetik 29.176ra zehazki, %3,82 beraz. Aipatzekoa da etxebizitzetan indarrez egindako lapurketak gutxiago izan direla, %18,74 hain justu, eta joera hori etxebizitzekin lotutako guztietan egonkortu dela: trastelekuetan, itsatsitakoetan edo-ta garajeetan. Etxebizitzetako lapurreten beherakada hiru lurralde historikoetan gertatu da, gainera: Gipuzkoan %26,33koa izan da —2016ko lehen sei hilabeteetako 843 kasuetatik aurtengo epe bereko 621etara—, Bizkaian %14,56koa —1.113tik 951ra— eta Araban %8,94koa —179tik 163ra igarota—.
Indarkeria edo mehatxuak baliatuta egindako lapurretak ere jaitsi egin dira, %16,63, eta —azken urteotan estrainekoz— baita motordun ibilgailuen lapurretak ere (%28,93). Iruzurrek %3,66 jo dute gora. Hauek sare sozialen gorakadarekin lotuta daude azken urteotan eta euren hazkunde ikusgarria kontrolatzen hasia da jada. Hoberakoa da baita droga trafikoarekin lotutako arau-hausteen eboluzioa (%8,22 jaitsi baitira), eta 'ordena publikoaren aurkako' goiburuan bildutakoena, 'terrorismo' moduren bateko nahasmendua ia desagertu delako eta bestelako arau-hausteak baino geratzen ez direlako: errietak, mehatxuak eta antzekoak.
Lurralde historikoka, arau-hauste penalen beherakada ia orokorra da. Araban behera egin dute (%3,80) eta baita Gipuzkoan ere ((%2,06), nahiz eta Bizkaian gorakada oso txiki bat gertatu (%0,40koa). 50.000 biztanletik gorako udalerrietan, behera jo dute Gasteizek (%7,86), Barakaldok (%9,58) eta Irunek (%1,51). Aldiz, gorakada izan da Bilbon (%5,56), Donostian (%1,03) eta Getxon (%4,76).
Gaizkiletzak orohar Euskadin azken urteotan beherako joera duen arren, urtero hazten dira Ertzaintzak epailearen aurrera daramatzan ustezko gaizkileekin lotutako ikerketak. Aurtengo lehen sei hilabeteetan 13.569 izan dira arau-hauste penalen baten berri ematera epaitegira joan behar izan duten pertsonak, iaz baino %3,1 gehiago, orduan 13.154 izan baitziren bide penaletik akusatutakoak. Bereziki dira azpimarratzekoak pertsonentzat, euren bizitza eta osotasunarentzat larrienak diren delituekin lotuta ikertu eta atxilo hartutako pertsonen kasuak —hau da, erailketekin edo-ta askatasun sexualaren aurkako lesio eta delituekin lotutakoak—, horien artean jo baitute gora gehien inkulpazioek.
![]() |
Arau-hauste penalek behera jo dute Araban eta Gipuzkoan aurtengo lehen sei hilabeteetan, eta ezer gutxi igo dira Bizkaian. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.