jueves, 15 de junio de 2017

Idahoko 13 enpresatako ordezkariak, Bizkaian

Estatu Batuetako Idahok Bizkaiarekin eta, orohar, Euskal Herriarekin duen harreman estu eta aspaldikoa oso ezaguna da, bertara XIX. mendearen amaieran eta XX.aren lehen erdialdean batik bat artzain lanetan jardutera joan zirenek utzitako aztarna sakona izan delako. Iragan horrek hainbat aukera ematen ditu lankidetzarako, besteak beste maila ekonomikoan elkarrekin aritzeko. Hori horrela, egunotan Idahoko 13 enpresatako ordezkariak dabiltza berton bisita egiten, lankidetzarako aukera horiek aztertu eta lurraldeko enpresekin harremanetan jartzeko asmoz.
Unai Rementeria ahaldun nagusiak Foru Jauregian hartu ditu, eta gogora ekarri du Idahora joan zela atzerrira egindako lehen bisitan. Han aukera izan zuen 90 enpresatako ordezkariekin elkartzeko eta Bizkaia lurralde industrial, modernoa eta lehiakorra dela jakinarazteko. Ordukoari jarraiki etorri dira orain enpresari horiek hona, Bizkaia zuzenean ezagutzera eta bertoko enpresen teknologiak eta bestelako nondik norakoak gertutik ezagutzeko.
Bizkaia Europako badia dela esan die Rementeriak Idahokoei, Europako merkatura sartzeko ate hoberik ez dagoela alegia. Munduko beste mila porturekin konektatutako portu handi bat dela eta 200 kilometrotan bost aireportu daudela. Horrez gain, lurralde egonkorra eta segurua dela jakinarazi die, hemen badutela zer landu eta zer irabazi. Etorri diren enpresek sektore garrantzitsuetan dihardute, energian, aeronautikan, garraioan, elikaduran eta turismoan, zehatz-mehatz. Agenda pertsonalizatu batekin etorri dira, interesatzen zaizkien eta lankidetzarako aukerak dituzten enpresekin bilerak egiteko eta enpresa horiek bisitatzeko. Euren sektore espezifikoetako konpainiekin elkartzeaz gain, lurraldeko beste egitura handi batzuk ezagutu ahal izan dituzte.
Bisita hau beste askoren testuinguruan kokatu behar da. Irailean Nevadako gobernadorearen garapen ekonomikorako bulegoko arduradunak izan ziren Bizkaian, eta honek eta bertoko enpresek elektrizitatearen eta automobilgintzaren sektoreetan duten ahalmena azpimarratu zuten. Estatu Batuetakoa etorkizuneko merkatu estrategikoa da Bizkaiarentzat eta hemengo enpresentzat. Hala, Bizkaia arlo batzuetan bereziki zaie interesgarria: energia berriztagarrietan, automobilgintzan edo sare adimendunetan, besteak beste. Hil honen 22an, aldiz, Idahoko Butch Otter gobernadorea etorri da, honakoan Bizkaia-Idaho harremanetan mugarri berriak finkatzen jarraitzekotan.
Bizkaia eta Estatu Batuen arteko harremanarekin lotuta, egunotan jarri da Sopelaraino heltzen den zuntz optikozko itsaspeko kable luzeena. Marea izena jarri diote Telxius enpresaren proiektu teknologikoari. Microsoft eta Facebook-ek ere parte hartzen dute eta Europarako lotura-puntu estrategiko bihurtuko da Bizkaia, eraiki den datuen azpiegitura modernoari esker.
Kable hori Bizkaiko Foru Aldundiaren erronken beste adibide bat baino ez dela adierazi du ahaldun nagusiak, munduari konektatzearena hain zuzen. Kable horrek teknologia berrien abangoardiarekin eta sektore horretan nazioartean lider diren enpresekin lotzen du gure lurraldea. Badago, beraz, lanean jarraitzeko adorea ematen duen emaitza sorta eta goi-mailako bilera ugari.

Bizkaia eta Idahoren arteko lotura oso aspaldikoa da, eta lankidetzarako ari da baliatzen orain.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes